Maider Galardi

Zelatan

2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Samara Velte ikerlariaren arabera, 2000tik aurrera jaiotako gazteak dira Euskal Herriko motibazio politikodun biolentziarekin lotutako bizipen zuzenik ez duten lehen belaunaldia. Esperientzia zuzenik ez dutela esatea agian gehitxo da jakinda gatazkaren arrastoak badirela —horretaz ere ari da Velte—, baina ez da behintzat belaunaldi oso bat zeharkatzeko moduko aldagai determinantea. Batetik, kalkulu esperantzagarria da hori, gure inguruko paisaia eta kolorea aldatu direnaren seinale. Bestetik, ordea, adi egoteko moduko datua da, nazioarteko estandar guztiek azpimarratzen baitute belaunaldi berriei gertatutakoaren gaineko narratibak ezagutzeko aukera eman behar zaiela, haiek haien propioak ere idatzi ditzaten.

Narratibak diot, pluralean, gaia ikertzen ari naizenetik iruditzen baitzait errelatoaren gatazkatik ateratzeko bide posibleetako bat dela hegemoniko eta bakar bat borrokatu beharrean askotarikoak egon daitezkeela onartzea. Arazoa sortzen da, ordea, horietako bat instituzional bilakatzen denean, eta beraz egia ofiziala, eta beste (h)egiek klandestino segitu behar badute oraindik erdi-egiaren susmopean. Hala uler daiteke joan den astean Gogora Institutuaren jardunaldi batean BEC 400 ikaslez betetzea Oldartzen ponentziaren 30. urteurrenaren harira erakunde armatu bat eta mugimendu politiko bat esplizituki harremanduz, eta aldiz, ezin imajinatzea halako ekitaldi bat GAL eta alderdi sozialistaren epealdi bateko praktikak lotuko dituena. Baina hain dira beste (h)egiak klandestino, gaur Berriozarren ehunka gaztek ezingo dutela haien memoriaren katebegiari atzera begiratu Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren presentziarik gabe. Ezin lasai hitz egin ezagutu ez zuten hartaz, ezin gatazkaren ondorioei heldu gaur egun ondorio judizialak izan ditzaketenaren mehatxurik gabe.

2000tik aurrera jaiotako belaunaldi horren parte dira Berriozarren bilduko diren gazte horiek —betigazteen salbuespenarekin—. Ea ailegatzen den Auzitegi Nazionalarekin lotutako harreman edo memoriarik ez duen belaunaldirik, berandu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.