Leiden (Herbehereak) bertatik bertara ezagutzen ez ditudan, baina bihotzean tokitxo bat duten hirietan bat da. Hango unibertsitatea (Universiteit Leiden) 1575ean sortu izana kontu makala ez bada ere —publikoa ere bada—, gauza da euskararen historiaren alorreko lana egin dutela han batek baino gehiagok, lekutan egon arren.
C. C. Uhlenbeck-ek (1866-1951) hizkuntza «normalagoekin» batera (artean sanskritoa), oinbeltz hizkuntzari eta euskarari lan garrantzizkoak eskaini zizkien: euskal erro zaharrari buruzkoa, kasu.
Nicolaas Deen haren ikasleak euskararen corpusa espero ez zitekeen aldetik osatu zuen: Glossaria duo vasco-islandica doktore-tesian (1937; Gidor Bilbaok itzuli du ASJU aldizkarian, 1991) XVII-XVIII. mendeetako hiru euskara-islandiera hitz-zerrenda argitaratu zituen, Islandiako ipar-mendebaleko Vestfirðir penintsulan onduak, hara zihoazen baleazale euskaldunekiko ukipenetik.
Balio handiena, elkarrekin mintzatzeko pidgin bat sortu zela eta horren aztarnak gorde izana da: Christ Maria presenta for mi Balia, for mi, presenta for ju bustana ‘Kristok eta Mariak balea ematen badidate, buztana emango dizut’, adibidez, islandiera (ia ingelesa dirudi, ezta?) eta euskara nahaste, joskera xinplearekin.
Laugarren zerrenda bat agertu da Harvardeko Houghton liburutegian, araoak egiteko jarraibidez inguratua. Ricardo Etxeparek eta Viola Migliok argitaratu dute (2015). Artean honakoak daude: nola dai fussu? ‘nola deitu zu?’, jndasu jaterra ‘indazu jatera’, sappala ‘txapela’ eta sanua ‘txanoa’ edo sekulara ‘eskularrua’, bai eta topikoa bermatzen duen hau: Zatho enekin kanta ‘Zatoz, kanta nirekin’.
Islandia, Herbehereak eta Massachusetts euskararen herria handiago egiten. Zelako gauzak.