Jose Ortega Canok, torero eta Rocio Juradoren senarrak, istripu bat izan du; hori suposatzen dut jakin daitekeela informatiboak bakarrik ikusiz, eta hil ala bizi dago ospitalean. Informatiboekin bakarrik jakin ezin denak Goenkale-ri urte pare bat betetzeko balio diezaioke; historia sortzen duten programetako batean entzun nuen behin, berari buruz esan zituztenengatik haserre, argi utzi nahian, ezetz, terriblea dela hori esan dezaten, berak familia bat duela, 15 urte dituen semeak kezkatzen zuela batez ere; ez dela homosexuala. Balitz, esango luke, homosexualen kontra ezer ez du, eta ni ziur nago berdin haserretuko litzatekeela ilegorria dela esanez ariko balira, zer pentsatuko luke bere semeak ilegorria ez bada. Gezurtatu zuen baita ere Lola Floresen dandardun soinekorik inoiz jantzi izana; ulertu ez nuen zerbait heterosexuala zela frogatu nahian bazebilen. Niri honaino kasik grazia egiten zidan, ez nuen toreroagandik gutxiago espero. Orain istripua izan duenean, duinago da gaiaz hitz egitea, txutxu-mutxu programak ikusi izana onartu gabe has zaitezke, «gaiztoak dira, denetik esan dute, eta jarraitzen dute esaten, alkoholikoa dela, eta homosexuala. Ostra, homosexuala»; horrek afekta dezakeenarekin, hori den kontu serioarekin, hori den gauza intimoarekin…
Ni aste honetan penaturik nenbilen Madrilen oraintxe ospatuko duten Gazteen Munduko Jardunaldietarako gazte katolikoek eginiko bideoekin, homosexualei buruz bat, pena beraiengatik, ez ados nengoelako edo ez, urrun zeuden, homosexualaren hain kontziente ziruditen, nazka emateko edo adoratzeko. Ez zeuden hain urrun, ordea; badirudi ezkertiartasun heterosexuala horretaz ez dela hainbeste libratu, homosexuala izatea zerbait delako oraindik, ez zuk hala erabakita, zerbait da nahi edo ez, bereiztua eta definitua.
Ito egiten du jendeak zer den ondoegi dakienean, eta zer zaren definitzera behartzen zaituztenean, horren arabera izateko; zerk egingo ote gaitu bizitzak ematen dituen aukerekin hain zekenak.
Larrepetit
Zekenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu