Blanca Urgell

Zapatua

2024ko ekainaren 12a
05:00
Entzun

Guareñako (Badajoz, Espainia) El Turuñuelo aztarnategi tartesostarrak 2023an bost busto eder oparitu zizkigun, haietan bi andrazkoenak, ahantzezinak, eta nork ez ditu ikusi aurtengo gerrariak, arbelezko harri-lauzan grabatuak —urregin baten saioak omen—, borrokarako prest edo lurrean jausiak, jantziak edo zakila tente biluziak.

Daitort: irudia irauli nuen lurrean datzanaren zera hobeto ikusteko. Beste baterako gaia liteke erdainduta dagoenetz eztabaidatzea, edota Antzinateko greziarrek zakilak txiki nahiago zituztelakoa.

Nik atzamarrari begiratzen nion bitartean, Joan Ferrer I Jané-k ilargiari begiratu dio, ordea. Irulegikoan ere lan mardula egindako aditu katalan hori argazkiak ikusi eta segituan ohartu da xaflaren ertzetako marrek abezea osatzen dutela.

Handia da berria, penintsula hegoaldeko idazkeren halako beste bi baino ez baitaude, Espanca-ko osoa (Castro Verde, Portugal) eta Villasviejas del Tamuja-ko (Caceres, Espainia) zatikazkoa.

Gure letretan jarrita (adi: «Be» ikurrak be silaba adierazten du, adibidez) hauxe irakurri omen du Ferrerek: ABeKaTuIKeLBaNS?ŚtaUE

Tartesostarrak. Ia ezer ez dakigun gure penintsula honetako antzinako tarrak. Abezetik haiek omen zeuzkaten milaka liburuetara doan tartea mugagabea da, baina Turuñuelo ere hasieran tumulu bat baino ez zen: azpian zeozer dagoen promesa estaltzen zuen lur edo harri pila.

Europako hauteskunde osteko asperdura estali-edo du Ferrer lagunaren aurkikuntzak. Nago alderdi paleohispanikoa era dezakegula, edo paleo-galo-hispanikoa, paleo-idazkerak deszifratzea eta paleo-hizkuntzak aztertzea helburu lukeena. Mundua eraldatzeko aukera, Pouvreauk euskaratu zuenez, «unadura, tristezia eta nekadura molde guziez zapatua» baitago, egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.