Eskola garaietan haizearen norakoaren arabera hats izugarria egoten zen Euba aldean. Durangoko papertegia, esaten zidaten durangar ez ziren ikaskideek ohituta lantzean behin heltzen zitzaien usain nazkagarrira. Orain Iurreta-Durangaldetik pasatzerakoan kiratsa usaintzen dudanean badakit papertegia dela. Ke iluna ikusterakoan dena baimendutako neurrien barruan dagoela pentsatzen dut. Edo ez? Zaldibarko zabortegiak behera egin eta sakabanatu denetik ez naiz AP-8 gorrotagarritik pasatu, baina lankideak bai pasatu dira. «Atzo kirats itzela zegoen», esan zidan batek. Geologoak eta teknikariak lanean ari dira ondo aztertzeko eta zer egin jakiteko. Bitartean langileen familiek zain jarraitzen dute eta lerrook idazten ari naizen honetan desagertuta jarraitzen dute lur eta amiantopean (eta agian lindanopean, Ekologistak Martxan-en susmoa beteko balitz) desagertutako beharginek. Horrelako beste zenbat zabortegi dago Euskal Herrian, legezko zein legez kanpoko? Kontrolatuta daude, eta noren kontrolpean? Inguruko baserritarrek itzultzerik izango dute etxeetara? Hazkunde basatiak ahalbidetzen ei du bizi dugun garapena, baina bere prezioa ordaintzen segitzeko prest gaude? Zer egin behar dugu gure bizimodu honek dakartzan patio atzeko hondakinekin, zelan desagerrarazi, zelan gutxitu? Luiziaren ondorioak uste baino larriagoak izan litezkeela diote, momentuz dena airean dago.
Krisi klimatikoaren kontrako adierazpen sasoian bete-beterik, norbanakook egin beharreko zereginak aipatzen dira behin eta berriro. Gutxiago, ordea, industrian egin beharko diren eraldaketak. Lehengo urtarrilean UGT sindikatuak Gasteizen antolatutako jardunaldietan trantsizio ekologikoaren bidean zenbait enpresarik eskatu zuten, zelan esan, eurekin «malgutasuna» izan dezaten. Malgutasuna aplikatu zioten Verter Reycling 2002ri? Luze joko digu Zaldibarko luizi osteak.
LARREPETIT
Zaldibarko soka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu