Iñigo Aranbarri.

Zakur zuriok

2024ko irailaren 1a
05:00
Entzun

Solasak ekarri du zakur arrazistarena, lagunak bere begiez ikusia kontatzeari ekin dionean. Terraza batean soseguz zegoela, aldameneko mahaian hiru lagun zeuden bi txakurrekin. Halako batean, zaunka eroan hasi da haietarik bat. Laguna bizkarra emanda dago. Mutil beltz bat pasatzean hasi dela adausika azaldu diote mahaikideek. Jabeak uhaletik tira egin dionean, seko isildu da. «Zakur arrazista izango da», bota die lagunak. «Han, hasi da hau bere paranoiekin!», erantzun diote, opor umorez. Isildu dira eta, luze gabe, orduan ondo ikusi du, emakume bat, ez aldamenekoen azalekoa, ez oso gertutik ere. Uhala eten beharrean zakurra atzera ere. Zaunkek plazako usoak hegaldarazi dituzte. Jaiki eta alde egitera doazela, hirugarrenez hasi da or handia. Orduan aitatu die lagunak mahaikideei San Fullerren filma, Zakur zuria.

Romain Garyren eleberri batean dago oinarritua. Etxera bidean, alemaniar artzain-zakur zuri bat harrapatu du autoaz aktore gazte batek. Osatu eta eginahalak eta bi egingo ditu animaliaren nagusiak topatzeko. Alferrik. Egun batean, ustekabean, errodajean dela, lankide bati oldartuko zaio. Ez da bakarra izango. Lagunaren kontakizunean bezala, eraso gehiago etorriko da ondoren. Orduan ohartuko da gaztea etxekotu duen zakur zuria jende arrazializatuaren kontra egiteko dagoela beren-beregi hezia.

Arratsa aurrera doala lotu zaio hitza hitzari, eta bota du urliak benetan motzak ginatekeela horrela errendituko bagenu gertatua. Ea ez garen ohartzen geu garela hizpide izan ditugun zakurrak. Egunez egun ari direla, albistez albiste izuak barnean habia eragin arte, gu entrenatzen, itxuraz gu bezalakoak ez direnei soilik egin diezaiegun zaunka eta haginka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.