Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Zaintza partekatua

2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Azkenaldi honetan zaintza partekatuaren gaiak debate bizia piztu du. Tamalez, matxista asko dabil zaintza partekatuaren alde egiten. Horrek eztabaidari sakontasuna eta zorroztasuna kentzen dio. Zaintza partekatua aldarrikatzen dutenen artean, bi motatako neomatxistak bereizten ditut. Batetik, indarkeria matxistari aurre egiten dion lege bakarra kritikatzeko, zaintza partekatua erabiltzen dutenak ditugu. Eta, bestetik, banaketa kasuetan etxea galdu nahi ez dutelako edota pentsioa pasatu nahi ez dutelako, zaintza partekatua aitzakia gisa erabiltzen dutenak.

Gaia konplexua da, eta ezin da horri buruz hitz egin familia-ren irakurketa feministarik egin gabe. Nahiz eta XXI. mendean bizi, gure gizarteak familiaren eredu hegemoniko eta arkaiko bat bultzatzen du. Ez dira konturatzen familiak, geroz eta gehiago, ugariak eta askotarikoak direla. Zaintza partekatuaz hitz egiten dugunean, dirudienez, familia heterozentratuez hitz egiten dugu. Gehiago esango nuke, dirudienez, gizonezkoen edo aiten eskubideez hitz egiten dugu, eta ez umeek behar dutenaz. Ez dugu ahaztu behar familia heterozentratu horietan zaintza lanak ez direla era orekatuan banatzen. Datuek ondo erakusten digute emakumezkoek lan gehiago egiten dutela umeak zaintzen, baina kasu horietan, gizonezkoak ez ditugu ikusten zaintza lanak era orekatuan banatu behar direla aldarrikatzen. Etxetik kanpo lan egiten jarraitzen dute, gehiago kobratzen eta etxean lan gutxi egiten.

Feministok benetan zaintza partekatua nahi dugu, baina ez dugu zaintza partekatuaz hitz egiten soilik dibortzioez edo banaketez hitz egiten dugunean. Bizitza aurrera ateratzeko egin behar den lan guztia era orekatu batean banatzeaz hitz egiten dugu. Eta gutxienez susmagarriak iruditzen zaizkigu familia heterozentratuen buru izan diren gizon horiek, etxeko lanak egin ez dituzten gizon horiek, zaintza partekatua aldarrikatzen dutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.