Elikagaiak Botatzea eta Alferrik Galtzea Prebenitzeko Legea onartu berri du Espainiako Kongresuak. Kontsumoa leheneste aldera, besteak beste, supermerkatuak behartuta egongo dira soberakinak gizarte elkarteei ematera. Jateko moduan dauden gaiak sastarretara botatzen ikusteak eragin ohi digun ezinegona ibituko da horrela.
Nazio Batuen Erakundearen datuak dira: 2022an, munduko janari guztiaren bostena bota zen, 1.050 milioi tona. Horietatik, %60 etxeetan galdu ziren eta %40 hornitzaileen eskuetan eta dendetan. Pertsonako rankingean Australia, Mexiko, Frantzia, Espainia eta Erresuma Batua ageri badira ere aurrenak, ez da soilik aberaskiloen makurra, antza. Txinan eta Indian parrastatzen da, askogatik, janari gehien.
Bistan da, erregai fosilenarekin batera, aldaketa kultural sakona eskatzen du elikagaien kontsumoak. Barre gaiztoa atera dit asteon Juan Roigek, Mercadonaren presidenteak. 25 urtean, sukalderik gabeko etxeak izango omen ditugu. Inork ez duela etxean kozinatuko, alegia. Bestela esanda, berak salduko digula janari prestatua.
Espainiako hirugarren pertsonarik aberatsena da Roig, janarekin negozioa eginda gizendu da gizona. Ikuskizun dago zer ekarriko dien lege berriak jakiak eta otorduak doan banatzen dituzten gizarte elkarteei; norberaren etxeko usadio aldaketetan, ez dut fede handirik. Marka ospetsuek, berriz, ustezko «elkartasun egitasmoak» estrategia komertzial gisa erabili ohi dituztela, jakina da. Baina ez dutela bide bakarra ere bai. Sargadelos zeramika fabrikan, Galizian, langile batek mailuz suntsitzen ditu labetik akats txikienarekin ateratzen diren piezak. Izen onari eusteko, nahiago xehatu inorentzat izan baino.