Auzotik ari gara begira aspaldion, epizentroa Gipuzkoan baitago beste behin. Bertso saio batean bai, eta hurrengoan ere bai, Maialen Lujanbiori dagokio, hernaniarra izaki, Gaia. Gai onak eta txarrak guztioi egokitzen zaizkigu, baina zaborraren gaia berea du txapeldunak. Errefusarako aukerarik ez eta eskerrak trebea den, treberik bada, ideien birziklatzean ere. Zero zabor beti.
Zero Waste Europek Donostian egin duen biltzarretik ere bada birziklatzeko moduko generorik. Atzerriko aditu hauek ez bide dute ordea gure herria alfonbra gorrien gainean hegan igaro duten beste askok lako gradurik. Albistegietan hogeigarren minututik aurrera ikusi ditugu. Gaikako bilketa egiteko daude editoreak, ez?
Suminduak ere badaude. Gipuzkoako EAJkoak suminduta daude eta baita Denis Itxaso ere. Gai sumina baita zaborra, zabarra izateko bidea ematen duena gainera. Erraustegia egin arteko onik ez, baina. Kaskartutako umeak baloiari nola, halaxe eusten diote zaborraren gaitz guztiakkonponduko dituen gailuari. Eta otutzen zaio bati, errauts adina zementu ez ote dagoen guzti horren atzean, euroren bat edo bestez aparte. Hiru elementuon nahaskiari buruz bai baitakite zer edo zer gure parajeotan, Zabalgarbin.
Eta txarren-txarrena zaborraren gaia alderdien arteko sestran geratzea litzateke, alegia, herritarroi ez dagokigun gai bat bailitzan. Halaxe hezi baikaituzte hein batean, ardura gaitezen gu eremu pribatuaz (uler bedi jabego pribatuaz) eta utz dezagun eremu publikoa beraiek pribatuan kudeatu dezaten.
Akerrarenak baino okerragoak eta ugariagoak izaki zaborraren adarrak, onena hasiera-hasieratik hastea izango ote den. Adibidez, lau jogurt biltzeko ez dagoela zertan Amazonas erdia bota, existitzen ez den notario baten aurrean egingo ez den zozketa baten berri irakurri ezin den letra nimiñoan emateko. Dinot nik.
Larrepetit
Zaborra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu