Iñigo Aranbarri.

Yira

2024ko maiatzaren 26a
05:00
Entzun

Hipnotikoa da Discepoloren tangoa: Ikusikok gezurra dela/maitasunik ez dela/munduari bost zaiola/yira, yira… Etsipenari egindako kantu ederra da Yira, mundua jira eta bira, eta norbera noraezean; konturatzeko, ustez lagun artean bizi ondoan, piztiaz inguraturik dagoela.

Minak bahauka loturik/ez itxoin laguntzarik… nork daki, agian Gardelek xuxurlatu zion sukarraren eldarnioan Alexander Garciari, luze egiten baitira bi hilabete Bangkokeko ospitalean Espainiako armadaren hegazkinaren zain. Ez inoren faborerik, ez eskurik… nork daki, agian Mercedes Simonek kantatu dio Araceli Tamayori Kabulen, Bamiyanen Estatu Islamikoak tirokatu eta hiru lagun hil osteko ilunpe luzean. Abioi militar batek ez, aseguru etxeak ordaindutako batek ekarri du Bilbora bueltan. Munduaren ezaxolakeria/hain gor, hain mutu… edo Roberto Goyenechek Iñigo Aguayo donostiarrari, deika ari zaigula, gero eta istilu beroagoak Kaledonia Berrian eta herioren hatsa kolkoan. Hain babesgabe zuria jende ilunen artean!

Hiru drama euskal herritar hiru astean, munduko hiru ipurtzulotan, hirurak desberdin eta, era berean, hain antzeko. Hirurek albistegietako lupapean eta lagun arteko kafe-orduan: enbaxaden utzikeria, turismoaren arriskuak, aseguruen publizitatea…  Ez, tangoak ez du asmatu oraingoan, izan dute laguntza, hedabideek sakatu dute, ez dira arrotzen herrian utzi galtzen.

Egiaz, besteak dira mundu gor eta mutuaren ezaxolakeriaren biktima, zibilizazioaren seme-alabak babesean direla, albistetik kanpo geratu diren haiek; dekoratu direnak, hurrengoan ere piztiarena egiteko gertu.

Munduari bost zaiola, yira, yira… zein desberdina den Discepoloren etsipena ipurtzuloko kantari baten ahotsean!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.