Manex Agirre.
LARREPETIT

Xalotasunez

2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Badira nahi besteko zehaztasunez ezagutu ezingo ditugun datuak; adibidez, gerra zibilak pizkundea hautsi aurretik zenbat euskal herritar zegoen euskaraz irakurri eta idazteko gaitasuna zuena, hau da, alfabetatua. Gutxiengotik beherakoa izango zen kopurua, seguru, baina oinarri bat gutxienez, «nondik hasi» bat, estrategiak antolatzeko ardatz bat. Ia zerora beheratu baikintuen frankismoak: ardatza apurtu egin zuen, ez ardatza gutxitu.

Xalotasunez ikusten dugu, euskaraz ikasteko aukera izan dugun belaunaldietakook, gu baino adinez goragoko euskaldun-zaharrek nola jotzen duten zenbakiak gaztelaniaz zerrendatzera, edo, betaurrekoak sudur gainean, nola duten nahiago administrazioko testu elebidunetako eskuinaldeko zutabea, erosoago sentitzen direlako. Askotan, ahaztu egiten zaigu hala egiten dutela ezinbestean edukazioa hala jaso zutelako; hau da, ondo dagoela kariñoz begiratzea, baina noizean behin (ez beti, historiaren zama kiroltasunez bizkarreratzeak osasuna hobetzen baitu) komeni dela gauzen arrazoi gordeari hautsa kentzea.

Noski, ezinbestekotasun horrek ez du zuritzen sailburu batek, prentsaren aurrean, «desazelerazioa» esaterakoan trabatu, eta bertaratuen xalotasunaren heldulekua probestuz, gaztelaniazko ordaina emanda erakutsi zuen ustezko airostasuna. Badirudi herriaren ordezkariei ahaztu egiten zaiela zeren ordezkari diren, edo ordezkaritzak zer dakarren ahazten dutela, bestela. Zein ondo irudikatu daitekeen interbentzio labur batean «hemen benetan balio duena badakizue bi hizkuntzetatik zein den» maxima. Xalotasunak xalotasun.

Zartailua albo batera utzita, ordea, aitortza asko ditugu egiteke herri honetan. Bat, bere burua euskaraz (ber)alfabetatzeko lotsarik izan ez duten euskaldun horiei. Euskarazko literatura irakurtzeko, edo euskaraz mezu elektroniko bat bidaltzeko segurtasuna, beren ekimen propioz, lortu dutenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.