Urtarrileko azken astelehena zen eta, zinez, uste nuen ez zela posible aurrekoa bezain ederra izango zen neguko beste ilunabar bat irudikatzea. Horregatik, Laguna grixa hartu eta Bilbora joan ginen Euskaldunan Tristan eta Isolde ikustera.
Hautu teknikoren bat kenduta (esaterako: zertara dator Preludioan eta bigarren eta hirugarren atalen sarreran bideoak jartzea, entzuleok areto ilun bat eta musika zoragarri horrekin aski ez bagenu bezala), ia ezinezkoa da opera zoragarri hori oso-osorik ez gozatzea. Une batez ahazten duzu orainaldiko miseria, palestinarren aurkako genozidioa, zure zeure bizitza eta, Wagnerrek nahi zuen bezala: den-dena jartzen duzu maitasun eta politika istorio horren tentsioetan.
Baina gero hasten dira melodia delikatuak, ia buruz jakin baina marmarrean abesten hain zailak direnak, gogoaren bazter batean zenituen kontuetara iristen. Halako batean hasi zen hirugarren ekitaldia eta Udaberriaren sagarreratzeaz gogoratu nintzen, esaterako.
Eta gero azken hamarkadetako dilemak: ez du esan nahi kapitalismoari eusten dioten banku eta enpresa handiek diruz lagundutako ikuskizun batek ez dauzkanik, bere edertasunetik, gaurko munduarentzako ekarpen iraultzaileak. «Benetako asmatzailea, beti, herria izan da, euren burua asmatzaile deitu dutenek honezkero antzeko objektu batzuk lortutakoaren esentzia aplikatu zuten». Izan zitekeen Eagleton ala XX. mendearen bigarren erdiko beste marxista bat baina Wagner da (1849ko Dresdeko iraultzaren porrotaren ostean). «Egoismoa komunismoan ase daiteke osorik, alegia, zeharo uko eginda, egoismoa eliminatuta, behar batek honezkero ase behar ez denean soilik uzten diolako izateari (gosea asetzen da soilik baretzen denean, alegia, existitzen ez denean)».
Baina, Sanfran zeharkatzean, jabetu ginen hango inor ez zela aretoan egon, beste Bilbo bat zela Euskaldunako entzulea, ez Wagnerrek irudikatu zuen iraultzaren ostekoa, eta hark egin nahi zituen ekintza terrorista artistikoentzat 1849ko porrotean jarraitzen genuela, ezin apurturik katea. Nahiz eta keinu ederrak jaso genituen, aretoko langileek paparrean Rosa Luxemburgen txapa generamala ikustean.