Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Virginia Woolf eta idazteko gaitasuna

2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Ez dago behin betiko ebazpenik. Batzuentzat, Woolfen lan nabarmenenak nobelak dira. Beste irakurle batzuentzat, saiakerak. Hori bazekien Woolfek berak, eta bere lagun Litton Stracheyk hala sintetizatu zuen: «Virginia da bizirik dagoen liburu iruzkinen egile onena, prosa berri baten asmatzailea da eta perpaus berri bat sortu du».

Maria del Carmen Espinolak azaltzen duenez, Woolfen saiakeren mailak zerikusia du bere irakurtzeko gaitasunarekin. Irakurle aseezina zen eta idaztea irakurketaren luzapen bat besterik ez zen. Ala, berriki, Niño de Elchek Iruñean esan du: «Idaztea irakurtzen jarraitzeko modu bat da». Eta bazuen Woolfek beste baliabide batzuekin irakurtzen jarraitzearen kontu horrekin kezka handia.

Umorez idatzi zuen, familiako kide batek, ia-ofizialki, etxeko atearen atzean guardia egin behar zuela posta bidez «banaketa furgoietan» iristen ziren «tratatuak, panfletoak, publizitatea, doako aldizkarien aleak eta lagunen literatur ekoizpenak» jasotzeko. Une oro iristen omen ziren. Egia da zelulosa horren guztiaren ondorio fisikoak eta egun sarearen bidez jasotzen ditugunenak diferenteak direla. Baina diferentzia horretan, buruarentzat bortitzagoa da pantailatxoek bidaltzen diguten saturazioa.

Iristen ziren paper horietatik guztietatik Woolfek «saiakera pertsonalei» begiratu zien, «asmakuntza literariotzat» jo zituen. Bazirela Montaignen genealogian baina halako eztanda bat bazegoela. Woolfek nabarmentzen zuen bere garaikideek Homero edota Eskilorekin zuten aldea ez zela ideia gehiago izatea, baizik eta lumaz idazteko gaitasun handiagoa zutela. Alegia, antzinakoak ez zirela inspiratzen paperen aurrean, ez zitzaiela axola harmoniak ahoz aho igatzea. Asko idaztearen arazoa idazten ikasi dugula da. Inspirazio jasoagoak dauzka faltan Woolfek. Eta ematen du auzo-lotsa Woolf irakurri ostean han eta hemen idatzi berri dugunari (dela mezu pertsonala sakelekora, dela epostari, dela sareetako gure azken iritzi sortari) begiratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.