Larrepetit

Uztailak 17

urtzirrutikoetxea
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Estimatzen da, estimatzen denez, Iñigo Urkulluren argitasuna. Ez zen lehen aldia, baina errepikapenak are garrantzitsuago bihurtzen du mezua: kalte egiten digu Espainia markak. Garestiegi zaigu espainiar izatea. Irungo enpresak Hendaiakoak baino garestiago dauka mailegua, Erresumarekiko mesfidantza iritsi den lekura iritsita. Ondo egingo lukete jeltzaleek bai, mezu hori argi zabaltzen ezker-eskuin, oraindik independentziari beldur dion norbait balego ere. Gu Europan gaude, beste batzuk daude Afrikako mugan.

Independentismoa inoizko indartsuen dago Euskal Herriko erakundeetan maiatzeko hauteskundeez geroztik. Azken 75 urteotako sendoen, behinik behin. Luzeegi jo duen indarkeria tartea ixteko atarian, gehiegik beldur dioten garaiaren atarian. Abiapuntua 1960ra badaramate batzuek, 1936ko uztailaren 17ra ere eroan liteke. Gerrarik usaintzen ez zuen Nafarroa dakusagu, uda betean,gerrarik gabeko hilkintzaren atarian. Gaur horren salduak diren egunkariek bihar eguraldi ona egingo duela diote 1936ko gaurko egunez, hiltzaileen mekanismoko zati bihurtuta.

Eliminazio fisikoa lan tresna erabili zutenek agintean jarraitu dute, bide bazterretan isuritako odolak aski pribilejio ematen diela bermatuta. Zail da sinesten gorpu geratu zirenen bilobek kuneteroen ondorengoekin gobernu ultra partekatzea. Baina ikusi dugu estatu-arrazoiak zelan gailentzen diren lehen ere. Euskaldun askok utopia urruntzat duena, arrisku hurbila da Espainiarentzat.

Egunen batean amesgaiztotik iratzarriko dira, eta ikusiko dute ez dela ezer pasatzen. Hezurrak bildu eta bakean bizi daitezela, bakea ematen. Penintsula erdialdean, Afrikaraino, estatu handia izango dute oraindik, gu barik ere. Asmatu zuen EAJk legearen eta duintasunaren aldean geratzen duela 75 urte. Soka moztea ez da hondora joatea, beste argudiorik ezean mehatxatu ohi duten legez; aitzitik, lasai nabigatzea eragozten duen zama kentzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.