Iñigo Aranbarri.

Urteko hitza

2024ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Hitz bat, esaldi bat bizialdiari errematea emateko, ondare kulturaleko mito bihurturik maiz. Zazpi izan omen ziren Jesus Nazaretekoak gurutzean esan zituenak; Beethovenek: «Jo txalo, finitu da komedia!» eta Frida Kahlok: «Ea irteera zoriontsua den, espero dut ez itzultzea». Rodolfo Walsh argentinarraren pasartea da, Sarraskia operazioa kronikan, tiro artean: «Eta ez dut ahazteko, pertsianari pega-pega eginda, kalean soldadu bati entzun niola, eta gizonak ez zuen esan ‘Biba aberria!’, baizik eta ‘ez nazazue bakarrik utzi, putakumeok!’». 

Geure-geurea dugu ongi aukeraturiko hitzez loratzea amaierak. Egutegi hondarrera iritsita, ez da besterik egunotan, han-hemen eta bat bederak bere hizkuntzan, urteko hitza zein den jakinaraztea baino. Hiztegigileak izan ohi dira hautatzaile, akademiak bestela. Euskaraz, «klima-aldaketa» dela ebatzi dute Elhuyarrek eta Euskaltzaindiak. «Zerrenda» izan zen iazkoa, Gaza hor dela, «zerrenda lursail luze eta estua ere badela gogoratzeko». Gazteleraz, Valentziako hondamendiagatik, «dana» akronimoa aukeratu dute, alegia, euskaraz oraindik bidea egin ez duen GOIDIren ordaina, Goi-geruzetako depresio isolatua. Frantsesez, berriz, «aura» izan da, TikTokeko «auragatiko puntuak» direla akuilu. Eta ingelesez «brain rot», buruko ustela, sare sozialetan denbora gehiegi ematen dugula ohartarazteko.

Ez da ulertzen erraza gure jokabidea. Ez gauza ez garelako ezer adosteko, nola ba, bakarra izanagatik hainbeste mundu izanik bertan, ezpada urtea hitz bakarrera ekarrita (Person of the year gisako jolas gaiztoa) beste guztiak mututzen ditugulako, nola esan, urteko hitzak hitzen urtea itoko baligu bezala, hitzak hizkuntzarik gabe nahi bagintu bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.