Larrepetit

Uraren memoria

2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Badakit hain gutxi edateko sarriegi idazten dudala berari buruz. Baina nik jarraitzen dut esaten niri buruz idazten dudala. Ni, zuek lez, ehuneko hirurogeita hamarrean ura naiz. Beste ehuneko hogeita hamarra hezur eta ubeluneak baino ez dira. Badakizue ilargia izaki eta landareen urarengan agintzen duen argia dela ulertzen dudala euskaraz. Gure (h)ur esateko hil erabiltzen zutela nekazaritza menperatu zuten euskaldunek. Azken arnasaren ondoren, gorputza, putza galdu, eta gorpu bihurtzean, hil edo (h)ur egiten garela. Urak dakarrena, urak daroala. Eta erromatarrek aurkitu zituzten ili, hiri edo huriak, hasiera baten ura iraunkorki zeukaten lekuak baino ez zirela.

Euskararen arimaren bila hasi nuen soinu eta irudien jolas honetan, Anbotoko Mariren ezker eskuko ispiluak harritu ninduen. Marik, arteragokoei batutako ipuin ugaritan errepikatzen denez, ezkerreko eskuan ispilua dauka (edo erreka den berezko ispilua) eta eskumakoan urrezko orrazia. Sinbologian adituek adostasun handiz, harrigarria esparru horretan, Mari lurraren ikur, urrezko orrazia eguzkia zein bere izpi eta ispilua ilargia dela uste dute.Eta ilargia, ispilu edo errekaren bidez adierazten den uren argia, eguzkiaren argiaren ispilua da. Hori diote Houstoneko gorbatadunek.

Baina nire galdera da, nola zekiten hori ustezko jende basa eta iletsu horiek? Ur bihurtu berri den Bittor Kapanaga euskararen arimaren bilatzaile nekaezinak esan ohi zuen lez, euskaraz edukia forman dago. Informazio izugarria dago txertatuta soinu eta horiekin lotzen ditugun irudien arteko jolas horren barruan.

Massaru Emoto zientzialari japoniarrak gauza bera dio urari buruz, informazioa eratzen duela bere baitan. Estimuloen aurrean erantzuten duen informazioa.

Gure ehuneko hirurogeita hamarrak estimulu mota ugariren aurrean eragiten digun informazioa. Sentzazioak? Beldur, uzkur, ziur, urduri, zuhur, gezur, …
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.