Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Uniforme zuria

2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Batzuetan haizea alde izaten dugu eta berri onak bata bestearen atzetik pilatzen zaizkigu. Gaur data gogoangarri horietako bat da. Agian ahoberokeria da pozgarriak metatu direla esatea, bizimodua alaitzeko arrazoiak bi baino ez baitira; baina horren garrantzi handikoak dira, ezen gehiegikeriatan aritzea baimendurik baitago.

Lehenengo albiste pozgarria Espainiako Gobernuak —bai, Espainiako Gobernuak— eman digu eta nik Centre Delàs desarmatzearen aldeko elkartearen bidez ezagutu dut. Izorra zaitezte, zoritxar-igarle horiek! Amaitu egin dira murrizketak. Sanchezen gobernuak —bai, Sanchezen gobernuak— onartu du sektore publikoan 1.000 milioi euroko ezohiko kreditua inbertitzea.

Ados, Defentsa Ministerioak jasoko ditu sos horiek guziak, mugetan beltzak akabatzen dituztenak hartzaileen artean direla; baina ez izan dudarik Ministro Kontseiluak horrenbesteko dirutza eman baldin badie militarrei beren zera baketsuak egin ditzaten, inoizko gobernurik progresistenak kopuru horren bikoitza, hirukoitza edo laukoitza esleituko diela osasungintzari, hezkuntzari eta gizarte-zerbitzuei. Bistan da horrela erabakiko dutela Sanchezek eta sostengua ematen diotenek: aipatutako sailen egoerarekin alderatuta, Defentsa Ministerioaren beharra txikiagoa da, baita gizarteari egiten dion ekarpena ere —horrelakorik balego—. Egunean 62 milioi euro badituzte jeneralek beren zera ezinbestekoetan xahutzeko, aurrerantzean oparotasunean biziko garen seinale.

Bigarren berri zoragarriak garrantzi txikiagoa izanen du gizaki gehienendako, baina funtsezkoa da niretako. Nahiz eta uniformeak nire gustuko ez izan, bi urtez erabili gabeko praka zurietan sartu nintzen asteartean. Lorpen txundigarria bezain pozgarria. Hortaz, gaur —atzo zuendako— banoa Alde Zaharrera garai loriatsuak ospatzera nire ahalbideen gainetik, uniforme zuria jantzita. Mundu akabera balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.