Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Umeak armatan

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Arma lepoan umeak Jose Joaquin de Herrera herrian, Guerreron, Mexiko lindo y queridon. Zazpi urtetik gorako gizonezko guztiak ilaran, zurezko fusilekin batzuk, belaunaldiz belaunaldi oinordetzan jasotako karabinekin besteak, nagusiei bidea zabaltzen. Chiapasen zapatistek nola, zapia daramate musua estaltzen. Gaur ez da borrokarik, alardea da, baina ez da ez txilibiturik eta ez festarik. Oihu bai, egiten dute: umezurtzen alde, alargunen alde, jatorrizko herrien alde, eta nola ez, Zapata jeneralaren alde. Hala ibili dira herrian gora eta behera. Amaieran, denak bildu eta airera tiro egin dute.

Bi helburu ditu erakustaldiak. Batetik, abisua opiogintzan dabiltzan narkoei: ez zarete gure lurrez jabetuko. Bestetik, Lopez Obradorren gobernuari: abandonatuta gauzkazu; zuk ere, PRIko gobernuek bezala, jan egiten duzu hitza. Ez dirudi hala ez denik. Herrian ez da estatu egiturarik, zer egin behar dugu geure burua defenditzeko. Inork ez baititu, hildakoak izanagatik, narkoen erasoetatik babesten. Denbora da gobernuak ez duela irakaslerik bidaltzen.

Eskandalua da ume soldaduena. Baita Lopez Obradorrentzat berarentzat ere. Eta ez da aski biolentziaren errua narkoari soilik egoztea. Lurraren jabetzak, harreman pertsonalak baldintzatzen dituen ustelkeria politikoak eta betikoen pobreziak osatzen dute askatzen ezinezkoa dirudien mataza enpatxatua. Bistan da, guk ere ez dugu arma dialektiko nahikorik umeak soldadu gisa erabiltzeak eragiten digun atzerakada zuritzeko. Eta honetan. indigenismoaren gaineko begirada idealizatuak ere ez digu lar laguntzen.

Marcos komandanteorde zapatistaren gogoeta-liburua zabaldu dut. Ia hogeita hamar urte dituzte hitzok: «Indigenak ez dira gainerako mexikarrak baino gehiago, ez dira inor baino humanoago. Egoerak jarri ditu aldarte horretan, baina edonork egingo zukeen gauza bera bere burua antzeko egoera batean ikusiz gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.