Nire laguna ez da Ainhoa Etxenike, baina bera ere A.E. da, bera ere Ipar Euskal Herrikoa da, eta Hego Euskal Herrian urte batzuk pasatu ditu. Nire lagunari ere esan diote bikain egiten duela euskara frantsesa izateko. Alderantziz ere bai: «Frantsesa dakizu? Bua eske da super zaila», gaztelania berezkoa, naturala eta erraza bagenu bezala. Elkarrekin egon garen azken aldian fantaseatu dugu Dom Campistroni idatziko diogula, elkarlanean komiki bat egiteko: Uhaina Hegoaldean. Ideia da Hegoaldean denboratxo bat pasatu duten lagun eta adiskideei Hegoaldekook bota dizkiegun perlatxoak jasotzea eta fikziozkoa izan arren bene-benetakoa izan zitekeen Uhaina emakume gaztearen bidaia kontatzea. Adibide bat jartzearren: Uhaina euskal filologia ikastera joan da Gasteizera, eta fonetikako irakasleak fetitxe arraro bat garatzen du berarekin «bere ahoskera ikaragarri ona» delako. Beste adibide bat. Uhaina poteoan dago bere Hegoaldeko lagun berriekin, eta, ez diotenez ulertzen, batuan hizketan hasten da: «Bua, atxik tio, eske ze hitz polita e. Ze sonoritatea. Zer esan nahi du?». «Bua, azkarra, eske niretzako azkarra da abiadura handian doana, ez fuertea. Bua ze grazia, txupito hau azkarra da esan daiteke?». Uhaina campusetik campusera doa. Bilbon irakasle ikasketak egiten hasi da, baina ez du lortzen taldekideekin harremana egitea. Denak ari dira gaztelaniaz. Euskaraz ari den bakanak ezagutu berri duen Uhaina exotikoari galdetu dio: «Zuri zer gustatzen zaizkizu gehiago pastoralak ala maskaradak?». Izan ere iparfobiatik iparfiliara pauso txiki bat dago. Klaseko ordezkariak, berriz, abegikorra izateko eta geografiaz dituen ezagutzak demostratzeko-edo, esan dio: «Lagun bat daukat Hossegorren, eske agian ezagutzen duzu».
Ez dut spoilerrik egin nahi, baina Uhainak Baionan bukatzen ditu ikasketak azkenean, frustrazioaren frustrazioz. Hegoplaining gehiago ere ez dut egin nahi, beraz mesedez, egizue komikia!