Hedoi Etxarte

Udazkena datorrenean

2024ko abenduaren 21a
09:00
Entzun

Asteazkenean, Iruñeko areto ia hutsean Françis Ozon-en azken filma ikustera joan ginen (Quand vient l'automne, Udazkena datorrenean). Entusiasmo handiarekin irten ginen, zerbait ederra eta, aldi berean, deserosoa ikusi duenaren gorputzarekin. Filmak, funtsean, moralki –eta legalki– gaitzesgarriak ala anbiguoak diren zenbait ekintza egin baina, haiei esker, bizitza eder eta zoriontsuago bat izatera pasatuko diren lau pertsonaren bizitzaren pasarte bat kontatzen du.

Biharamunean, filmari buruz zerbait gehiago jakin nahian, irrati eta telebistetan egin zituzten promozio solasaldiak entzutera jo nuen. Tamalez, aurkitu nituenetan behintzat, ia beti topiko berak errepikatzen ziren. Zuzendariak balioa eman nahi zion pertsonaia nagusiak adineko bi emakume izateari. Adineko, landa eremuko, hasieran behintzat emakume arruntak, alai bizi direnak –nahiz eta batek semea kartzelan duen– baratzea lantzen, janaria prestatzen, etorriko den bilobarentzako etxea txukuntzen.

Halere, aitortzen dut zenbait zine artistarekin dugun harremana zeharo baldintzatua dagoela, berez, gure bizitza pribatura ekoizle hura heldu zen modu eta unearekin. Arkeologia emozionala egiten saiatu naiz, hasieran oso garbi nuelako 2008ko Donostiako Zinemaldian Dans la maison ikusi genuela orduko bikotekideak eta biok. Baina ez, film hura handik lau urtera estreinatuko zuten. Gero pentsatu nuen orduan ikusiko genuena Sous le sable zela, baina horrek, baldin eta atzera begirako bat egin ez bazuten, ez zuen zentzurik ze zortzi urte lehenagoko filma zen. Garbi geratu zait memorian ditudan beste zulo horietako bat dela hau, argituko ez dudana. Nahiz eta gutxienekoa den jakitea ze film izan zen hura, ea zuzendaria egon ote zen proiekzioaren ostean, garrantzitsua dena delako, orduan ezagutzen ez genuen eta, gerora, haren filmak gure bizitzako gauza inportante bat bilakatuko ziren zuzendari baten lana ezagutuko genuela. Gaur arte eutsi digu Ozonek, gainera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.