Bezperako kontuetaz aritzen ginen lehenago, artean ahoa lehor, kontrako norantzan traineruak atoian igarotzen ikusiz. Orain, elkar gutxiago ikusten dugunez, laburrak zaizkigu bidaiak, zirkulazio arauak errespetatuta ere. Uda da.
Bertsokidea ikusi dugu balizko gobernu batean sailburu, eta geure burua non ikusten dugun eta non ez, berbarako bidea eman digu. Zerrendak ez ote lituzkete politikariek osatu behar? Ala, hain justu, bestelako politika egiteko modu bakarra da ohiko politikaririk ez egotea? Irribarrea zimurtu digu Urkulluk estalinismoa aipatzeak. Estrainekoz bozka emango duten askok ez lukete asmatuko zeinen biboteez ari den, zeozer estali guran dabilenaren ismoa dirudiela pentsatuko dute agian. Zenbat aldiz ez ote nuen pentsatu nor arraio ote zen Nihil.
Bizirik gaudelako da uda. Hogeita zazpi joan dira subwooferrik bako bafleenaz geroztik, eta Martuteneri noiz helduko gaude ezpain ertzetatik adurra darigula. Berrogeita hamar ordu behar ei dira kilo bat literatura irensteko, Haute cuisine, diotenez. Gose gara, horraitino, baina kanpin batean noiz irakurtzen da? Autobusez bidaiatu beharko genuke, gura beste letra jan ahal izateko. Hobe trenez. Eta crowdfounding bat egingo bagenu irakurtzeko astia erosteko? Datsegit.
Patrol berdeak kontrako norantzan, hegorantz barik iparrerantz orain ere. Mikelen gutuna jaso dudala nik, poz eman didala. Ez al dute Madriletan atzamar bakar bat mugituko? Presoekin presarik ez daukatela, garaipenaren eta porrotaren logika baino ez dutela ulertzen, belikoak direla mentalitatez. Azkeneko mendeetan gerra gehienak galdu egin dituztela kalkulatu dugu poz poxi batekin. Udako positibismoa.
Espainietan ez, baina gurean eguzkiak bere amarengana joateko ohitura baitu, ordutsu horretan geratu da autoa. Tribuaren berbek Pariseraino eroango gintuzketen arren, hantxe agurtu dugu elkar, Alberto Caeirok bezala, sonbreroaren hegala altxatuz. Gauaro itzela. Uda da.
Larrepetit
Uda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu