Ander Perez Argote

Uda abolitu

2024ko irailaren 6a
05:00
Entzun

Halabeharrez ohartu zara udek meteorologikoki geroz eta gehiago irauten duten garaiotan, geroz eta gutxiago irauten dutela zuretzat. Nahi dutena esango dute batez besteko tenperaturek eta irailean oporrak hartzen dituztenen portzentajearen gorakadak: tokitan geratu dira zuretzat uda osoko oporraldi garaiak. Konturatzerako, bueltan da ikasturtea, eta nekatuta sumatu duzu zeure burua, sekula baino deskantsatuago beharko lukeenean.

Arazoa ez da zurea, sistema oso batena baizik, baina, lana abolitzen dugun bitartean, akaso pentsatu beharko genuke ez dela zuzenena espektatiba guztiak udako hiruzpalau astetarako gordetzea, hamar hilabetez makineria behartu eta muturrera eramatea, gero uda etorriko delakoan, gaitz guztietatik gu salbatzera. Agian, lana abolitu aurretik, abolitu beharko genituzke oporretara noa deskonektatzera edota pilak kargatzera noa bezalako esaldiak, eta udan (ere) mugikorrak eskua kiskaliko digula asumitu.

Izatez, ohartu zara honezkero animoaren egoera bat dela uda, sasoi bat baino. Edo, zehatzago, espektatiba bat, nonbaiteko eta noizbaiteko udetara itzultzeko gogo bat. Eta kolektiboa izan ohi da toki hori, kanpineko lagunez betea, edo herriko etxeko patioko familia bazkarikoa. 

Toki horretara bueltatzerik ote den da galdera, indibidualismoak uda ere jan digun garaiotan. Orain, bikote bidaiaren kuota betetzen gabiltza gehienak udan, eta handik bueltatzeko irrikan asko, lagunekin herriko festetan elkartzera.

Agian, salbuespen askatzailea baino, urte osoaren isla bihurtu zaigu uda. Eta, beraz, hobe genuke urtean ito gabe nola bizi pentsatzea, udak libratuko gaituelako ilusioa elikatu baino. Lana abolitzen dugunera arte, behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.