Blanca Urgell

Tximinoen herrian

2024ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun

Hedabideak tematu dira gazteei, mutilei batik bat, aberats bihurtzeko aholkuak, master classak-eta dirutan saltzen dizkien morroi bati (doako?) publizitatea egiten, sarritan susmoz bada ere, ez ote den amarru egiten ari, ez ote dagoen sekta antzeko bat eratzen, ez ote dituen laguntzen baino gehiago kaltetzen, eta abar. Class horietako baten zatia ikusi berri dugu non-nahi zabaldurik, denak altxa eta etzan, zoroen pare.

Duela pare bat urte, estoizismoaren boladak lortu zuen semeak lehenengoz, txikitan lotarakoan elkarrekin irakurtzen genuenetik behintzat, paperezko liburu bat har zezan eskuetan. Mary Beardek uste du Marko Aurelio enperadorearen Gogoetak «Filosofiako gauza jakinak» baino ez direla, ez berri, ez bereziki jakingarri, batzuen estimua gorabehera. Alta, une hartan, influentzerrek eta lagunek bultzaturik, esango nuke on egin ziola hari irakurketa estoiko hark, neuri neure garaian Estepako otsoa-k bezalatsu.

Beardek dio Fedroren alegia batean bi gizon, bata gezurti eta bestea egiati, heltzen direla tximinoen herrira. Gezurtiak begirunez hartzen du bere burua enperadoretzat daukan tximino buruzagia, eta saritua da. Ostera, egiatiak dio tximino bat besterik ez dela, eta horregatik borreroek zatitua da. Historialari britainiarrak bere buruari galdetzen dio zein ote den enperadorearen itxurak egiten dituen gizonaren (edo tximinoaren) eta egiazko enperadorearen arteko aldea, biek zati gaitzaketenez gero.

Zein alde dago, bada, gazteei dirua amarruz lapurtzen dien eta bizitza alda diezaiekeen maisu edo maistraren artean? Filosofia merkea eskaintzen dien eta gogoeta sakona eragingo dien liburuaren artean?

Agian ez dago alderik, gazteek eurek aldea zein den deskubritu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.