Maite dugu txalo jotzea. Txaloa artistari oholtzan dela, txalo sarituari, txalo agintariari, txalo osasun langileei eta txalo heriori iskin egiten dionari. Txalo famatuari, kirolariari, handiren bat egin duenari, umeari eta edadetu umetuari eta, gero eta maizago, hildakoari azken agurrean (pozez seguruenik, ez garelako geu barruan doana). Ez da beraz harritzekoa urtea txaloka hastea munduari zibilizazioa deritzogun inguru honetan.
Alemania naziaren asmakizuna da Vienako Urteberri eguneko kontzertua. Bigarren Mundu gerra hasterako zuen anexionatua Hirugarren Reichak Austria. 1939an antolatu zuten lehen emanaldia, laguntza biltzeko «behar larriena zutenentzat». Gerrarekin, eta propaganda helburu, ez zioten ospatzeari utzi. Ordukoa da errepertorioan Strauss aita-semeen obrak sartzea. Johann zaharrak judu tanta bat izatea agintaritzari zekarkion arazoa erraz konpondu zuen Goebbelsek agiria moldatuta.
Gerra ostean, bestelako zelofan batez jantzi zen Urtatseko kontzertua. Orain Vienaren behialako artearekiko jaieraz loratzen da emanaldia. 90 herrialdeetara zabaltzen da telebistaz, hor dira ballet irudiak, Austriako paisaia zoragarriz mozkortzen gaituzte, denok dakigu nola amaituko den vals eta polka festa hau. Bihozberatu gaitezen, Riccardo Muti zuzendariaren asmo oneko hitzak aurten: «bakea, adiskidetasuna eta maitasuna guztiontzat». Eta txalo denok Radetzky martxarekin, Strauss aitak austriar mariskal zapaltzailearen ohorez buruturiko harexekin.
Vienan bezalaxe entzun dira Tel Aviven aurten ere Mutiren hitzak. Une berean, hogeita zortzi lagun hil ditu armadak Gazan. Eta txalo, eta txalo Radetzkyri, trakatan trakatan, zaldi gainean garaile.