Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Tuskegee

2020ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Alabaman dago Tuskegee, Rosa Parksen herria. Alabaina, beste gertaera batengatik da ezagunagoa. 1932an, AEBetako osasun publikoko mediku talde bat heldu zen bertara esperimentu bat egitera. Sifilisa gaitz arrunt larria zen eta haren kontrako txertoak toxikoak bezain arriskutsuak. Infekzioaren garapen faseak aztertu nahi zituen ikerketak, neurtu nahi zen ea tratamenduak merezi zuen.

Horretarako, 600 gizonezko hartu ziren, kontrol-talde gisa erabiliko ziren 201 osasuntsu eta 399 gaixo. Azterketak 1972ra arte iraun zuen, eta azkenik, filtrazio bati esker prentsak publiko egin zuenean, ez zen egon zabortegirik etika medikuari zerion kaka guztia batu, egoki sailkatu eta gordetzeko. Orduan ikusi zen Tuskegeeko giza akuriak promesa faltsuen bidez sartu zituztela proiektuan eta haien baimenik gabe izan zirela artatuak. Prozesu guztian, ez zitzaien penizilinarik eman. Eskandalua atera zenerako, 74 baino ez zeuden bizirik. 40 emakume kutsatu ziren bidean, 19 haur jaio ziren sifilisarekin. Boluntario guztiak ziren afroamerikarrak, soldatapeko laborariak eta analfabetoak.

Asteon, koronabirusaren kontrako txertoaren harira, Jean Paul Mira medikuaren eta Camille Lloch ikerlarien artean Frantziako LCI telebista kateko solasaldiak sutu ditu sareak. «Ez genuke ikerketa bat egin beharko Afrikan? Han ez dute ez musuaurrekorik, ez tratamendurik». «Arrazoi duzu, buruan dugu proiektu paralelo bat Afrikan...». Demba Ba senegaldar futbolariak harrotu du erbia. Samuel Eto'o-k eta Didier Drogbak jarri diote bozgorailua: «Afrika ez da laborategi bat. Akuriak bezala erabili nahi gaituzte!».

Ia ehun urtera, eta orain ere denon on beharraren izenean, logika arrazista eta klasista bera da nagusi. Aldatu duguna Rosa Parksi buruzko iritzia da. Orain haurrei erakusten diegu nor izan zen autobusean zuri bati aulkia ez uztegatik kartzelan sartu zuten Tuskegeeko emakume ausart hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.