Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen ez zen lekuan nengoela, ekarri zuen solasak, izan zen perpausa, ez zuela deusek ere hainbat kalte egiten herri baterako, eta ez herritarren hizkuntza ohituretarako ere nola turista aldrak bere horretan jasotzeak,egunetik egunera, biharretik biharrera onartzeak.
Ederra zegoen egoteko, jende itxuraz zoriontsua bildua zen bertara eta iluntzeko brisak doi orrazten zituen aurpegi, beso, sorbalda, zango, oin egunez berotuak. Itsasoaren marruma, orban beltz isila. Ez zegoen etxerako gogorik. Zein ederra den, izan ere, solas naroa lagun artean. Eta hala esan zuen batak, eta baieztatu besteak, erabat mudatzen zela lehen ere herria negutik udarara, eta horrekin batera hizkuntza ohiturak, baina ez al garen ohartu nola okertu den egoera azken urteetan, betiko udatiarrek bizpahiru eguneko turistei utzi dietenean tokia. Lehen, neurri batean edo bestean, herritarrekin harremana zutela haiek; hauei, berriz, berdin zaiela Lekeition egon, Benidormen zein Pernambucon. Ezinbestean, adibidez jantzi da gaua: erdara hutsean idatzitako menuak ostatu atarietan eta kartetan; norberaren mintzoa ia hutsaren hurrengo entzutea kalean, eta haurrena, lehen herriko umeekin euskaraz trebatzera etortzen baziren, orain alderantziz gertatzen dela, gazteleraz jartzen dituztela haiek gureak. Non eta arnasguneetan. Galduak garela. Turismo eredu honekin, bagoazela apapa.
Gero, ozpinduko ez baginen, norberaren asmoez mintzatu ginen, denok baikoaz nora edo nora. Bata Gironara, ez dakit nork utzitako etxe batera; bestea, beroarekin ezin eta Bretainia aldera nahiago; harakoa, aldiz, ibilitariarena, Laosera eta Kanbodiara, zoragarriak omen. Hizketan jarraitu genuen, baina ibilbideez, batean eta bestean egin eta ikusi beharrekoez, edertasunaz.
Nola ez dakigula, inork ez zuen hizkuntzaren gaia atera berriz.
LARREPETIT
Turismoaren mintzoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu