Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Trumpen fabore

2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Britainiarrek eta estatubatuarrek erabili zuten estrategia bera.Sinestarazi alemaniar inteligentzia militarrari Calais ingurutik sartuko zirela, gero Hitlerren tropek hain zainduta ez zeukaten Normandiako hondartzetan lehorreratzeko. Argudiaketan, red herring deitzen zaio, falazia logiko bat, alea bota, eta hainbestekoa bota ere, ez diezaion inork ondoren esaten denari erreparatu.

Ez zen hori Trumpen asmoa, baina haren agerraldia kudeatu duten askori primeran etorri zaie han esan zena estaltzeko. Kalifornian, Oregonen eta Washingtonen gertatuaren harira, ukatuta bost milioi hektarea kiskali dituen sutearen atzean aldaketa klimatikoa dagoela, gainera etorri zaio mundua. Haren «lasai, hoztuko du», probokaziotzat jo da. «Klima piromanoa» deitu dio Joe Biden demokratak, presidentziarako lehiaketan. Europan, irri egin dugu. Astapaola bat gehiago emazteak ere publikoki baztertzen duen pailazoaren antologian.

Trumpek gehiago ere esan zuen, ordea: «asko dago egiteko basoen kudeaketan».Eta hau da, hain zuzen, beren-beregi isildu dena. Nahiago haren negazionismoari heldu, izan ere, basoen lokatza horretan sartzera, jakizu zer azal daitekeen. Kutxabankek pinuaren ustiaketan dituen interesak eta eukaliptoaren ugaritzea Bizkai-Gipuzkoetan, esaterako. Zergatik ez den administraziotik hau mozten, jakinik, eta aldaketa klimatikoa bezain datu objektiboa da, suari deitzen dion espeziea dela, lurra erabat ahitu arte lehortzen duena eta askotasuna eragozten. Eta azaldu beharko litzateke zergatik heldu behar izan duen ezkerrak gobernura suteez aski den adina Portugalen eukaliptoa landatzea debekatzeko. Horregatik jo duela paper industria suminduak mugaz bestaldera, Feijooren administraziopean segitzeko etxean egiten uzten ez diotena.

Gertuagotik zikintzen gaituzten eztabaidak hauek guztiak, baina nola eroriko gara ero negazionista horren amarru dialektikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.