Samara Velte.
LARREPETIT

Traumak, neurrira

2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Ukrainako gerra hasi zenetik igaro den hilabete eta erdi honetan, mundu erdiko parlamentuetan agertu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Bideodei bidez egin ohi du bere hitzaldia, kaki koloreko arropa militarrez jantzita, diskurtso eta diskurtso artean hegazkin errusiar batzuk bota behar dituenaren gisan.

Bere mezuaren edukia berbera da toki guztietan: babes gaitzazue. Bidali armak. Edo etorri zuzenean laguntzera. Forma, ordea, aldatzen doa tokitik tokira, modu estrategikoan: parlamentu bakoitzean, dagokion estatuko iraganeko trauma handienakzerrendatzen ditu, ukrainarrak bizitzen ari direna deskribatu eta tokian tokiko herritarren enpatia interpelatzeko.

AEBetako Senatuan Dorre Bikiak ekarri zituen gogora; Frantzian, Verdungo guda; Irlandan eta Finlandian, «bizilagunak norbera okupatzea» zer den irudikatzeko eskatu zuen; Japonian hondamendi nuklearrei egin zien erreferentzia; Erresuma Batuan, Ingalaterrako Gudua mintzagai, Shakespeare eta Churchill nahastu zituen; eta beste hainbat legebiltzarretan, Israelgo Knesseten bereziki, luze eta zabal mintzatu zen Holokaustoaz. Ez hala Alemanian: han Berlingo harresia izan zuen hizpide, badaezpada ere.

Eta, halako batean, Espainiako Kongresura iritsi zen Zelenskiren bideoa. Aukeratutako gertakaria zein izango, eta Gernikako bonbardaketa aipatu zuen: «2022ko apirilean gaude, baina badirudi 1937ko apirilean gaudela, munduak espainiar hiri baten izena ezagutu zuenean: Gernika». Aukeraketa egokia zen, baina diskurtsoaren arrakasta ez du haren edukiak soilik baldintzatzen, haren testuinguruak baizik. Zelenskik jakingo ez zuena da Gernika parlamentu horretan ordezkatuta daudenen zati batentzat baino ez dela trauma: beste askok nahiago dutela ez aipatu, hizketan hasita justifikatu egingo luketelako; eta gehienek sorbaldak altxa baino ez lituzketela egingo, Gernikaz galdetuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.