Gogoan dut zuri bertsoak kantatu nizkizun lehen aldia; Xalto sariketako kanporaketa saio bat izan zen, oker ez banaiz. Ez dut gogoan orduan ere galtza motxak ote neramatzan soinean, baina bai zenbaterainoko ilusioa neraman jantzita.
Gogoan dut nire lehen parrandatxoak egiteko eman zenidan laguntza. Nola igaro ginen ezezagun izatetik, lagun izatera. Eta asko eskertzen dizut nire lehen gaiztakeriatxo haiek sekretuan mantendu izana.
Gogoan al duzu nire lehen gaupasa hura? Lepoan hartu ta segi aurrera kantatzen zenigun, eta gu elkarri eskua emanda ate batetik irten eta bestetik sartzen ginen zugana. Orduan erakutsi zenidan borobilean bukatutakoak direla gaurik borobilenak.
Kupido lanak ere egin zenituen nire lehen maitemindu begirada bila zebilen begirada harekin gurutza zedin. Musika aproposa jarri zenigun, eta zure txoko batean leku bat gorde. «Gainontzekoa zuen kontu», esan zenigun. Eta hori ere sekretuan mantendu duzu. Azken musua bezala.
Beti eskaini didazu pareta zati bat elkarrizketa sakonenetan pausatu dezadan esku bat zugan eta lasaitasunez jardun nadin. Zenbat aldiz hitz egin ote dudan ondokoarekin Euskal Herriari buruz, nola egin dezakegun gure herriak aurrera egin dezan; zenbat eztabaida euskararen gaixoaldiari buruz. Lagundu didazu arazo existentzial ezkutukoenak agertzen, edo sozialismoa bezalako hitz potoloak ahoratzen. Eta inorekin hitz egiteko gogorik ez nuenetan, barra izkina bat gorde didazu neure buruarekin egoteko. Utzi diguzu biltzarrak egiten, hitzaldiak ematen; hausnartzen eta sortzen. Zu ere maitemindurik zaudelako herri xahar honekin.
Nik, bizitakoagatik, zu zaitut maiteena, baina ez ditut gutxiago maite zure gainontzeko 100 senideak. Agian sarrailak aldatuko dizkizuete, eta min emangodigute. Minenean min. Baina askotan kantatu diguzuen bezala, sortuko dira besteak.
LARREPETIT
Torreari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu