Betiere gozatu dut aisialdiak edo lanak urrutira eraman nauenean. Batzuetan, baina, urrutiko hura guregana dator. Kontuak atera eta ohartu naiz lau mexikar ditudala gertu, hiru Gasteizen eta laugarrena Mexikon. Íjole!
Lehengo egunean hango hitz bereziez hitz egin genuen G. eta biok. Nepa irten zen, ezetz erantzuteko darabiltena. Azaldu zidan frantsesetik bide dela, alegia, Maximiliano Habsburgokoa denbora laburrez (1864–1867) enperadore ezarri zuten garaikoa: n’est pas.
Bidenabar, nahuatlez ere nepa existitzen da: ‘han’ esanahiarekin, ordea. Kidetasun polit batzuk ikas ditzakegu hizkuntza horretaz zerbait dakigula esan ahal izateko (betiko chocolatl, koyotl, aguakatl, peyotl, tomatl eta abarrez gain). Kontua da nini dela han ere, nahiz nirinech den (hots, netx), eta nimo ‘niri neuri’, eta apapatxo ‘laztandu’ diote. Bat-etortze politak, hitz laburrak batu ohi dituen kasualitateak (ni) eta haur-hizkuntzak (apapa) erraz azaltzen dituztenak. Zenbaketa sistema eurek ere hogeinakakoa dute (sempuale ‘hogei’, sempual maktlaktle ‘hogeita hamar’, ompuale ‘berrogei’...), ez gara-eta bakarrak.
G. mexikarrak beste zerbait erakutsi dit. Déjà vu zer den denok dakigu, ezta? Harritu naiz, ez baitago dejavu sarrerarik Euskaltzaindiaren hiztegian. Dena dela, dejavu ‘berria izan arren, aurretiaz bizi izandako gertakizuna delako sentipena’ irauli eta vujade irteten da: ‘ohiko edo ezagun zaiguna begi berriekin ikusteko sentipena’.
Harrezkero, nahi nuke itsasoa vujadez ikusi. Semearen usaina berriz lehenengoz usaindu. Alabaren hitzak lehendabizikoak bailiran entzun. Esnatu eta hi alboan hagoela ostera ere lehen aldiz gozatu.
Tlasojkamati, lagun: eskerrik asko.