Larrepetit

Tiliño

2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Frogatuz ikasi nuen bizitzan askoz garrantzitsuagoa dela denboraren intentsitatea, denbora kopuru bera baino. Baldin eta denborak kopururik baleuka. Erlojuaren buelta kopurua baino, esan dezagun bestela. Bada erlatiboki denbora gutxi eskaini didan-diodan jendea, gizakia, zuhaitza legez, taldean bezain bakarrik bizi den izpiritua baita. Bere burua aurkitzen ahalegintzen bada, sikiera. Ostera, urritasun kuantitatibo hori hain izan liteke intentsoa—ez derrigorrez filme amerikarren intentsitatearen zentzuan, ezta gutxiago ere, itsaso barearen irudikoa izan liteke intentsitatea—, ezen une horiek existitu diren bakarrak ematen duten gerora. Eta milioika erloju buelta ahazten ditugu izan ez denaren itsaso barean. Ezereza ere, itsaso barearen irudikoa izan litekeelako.

Intentsitatearen dohaia dauka Tiliñok. Iurretakoa, Anboto eta Oizeko haizeek esaten dutena ulertzen dakien herri berezi horretakoa. Frankismoak kobazuloetan lurperatutako euskal musikaren sustraiak mendebaleko argitara ekarri zituen gizona. Maurizia pandero jotzailearen sukaldeko negarra zantzo bihurtu zuen bibotea. Soinulari eta albokari zaharren etxeetan familia bete irribarrek besarkatzen duen bihotza.

Gai-jartzaileak ahalegintzen dira egoera animiko oso ezberdina eskatzen duen gairik elkarren ondoan ez ipintzen. Baina patuak ez du bertsolaritza modernoa ulertzen. Eta bihar Tiliñori omenaldia egingo badiogu ere, aurreko astean eroan zuen heriok Mari Tere. Bikotekide, ama, laster amama izango zena eta Tiliñok egindako berreskurapen lan erraldoiaren motore emozionala.Ez dut aurkitzen esker ona, iraganaren intentsitatea, etorkizun itxaropentsua eta galeraren hutsunea adierazteko gai den soinu piezarik, ez puntapiorik ez eta bertsorik ere.

Sortzeko, barrua kanporatzeko, emozioak elkarrengandik isolatzen irakatsi ziguten. Baina hau erreala da, sekula ahaztuko ez dugun Mari Tereren irribarrea bezain erreala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.