Berak ez du inoiz jakingo, baina 17 urte nituela ezagutu nuen, batxilergoko Antropologia ikasgaian. Berrehun bat metro zeuden nire institutuko gelatik hark klase eman izan duen fakultateraino, baina oraindik bion arteko distantzia handia zen: ni Mujer vasca: imagen y realidad liburuarekin liluratutako gaztea, hura jada ongi kontsakratutako antropologo feminista. Liburu hori alboan izan dut ordutik tesi proiektua bukatu arte, eta ez naiz esajeratzen ari esaten badut bilduma hori izan zela, besteak beste, ikerketari ekiteko izan nituen bultzada nagusietako bat. Berak ez du inoiz jakingo, baina hamahiru urte beranduago ere bidelagun eta kontsultore dut oraindik. Memoria ariketa partikular hau egitera eraman nau haren heriotzak, eta hain zuzen memoriaren gaineko bi mintegi eskaini zizkigun Ikasketa Feministen eta Generokoen masterra ikasten ari ginenean. Apunte horiei begira, pentsatzen dut ez dakidala gustatuko litzaiokeen gai horiei buruz halako abiadan eta arinkeriaz artikulu motz hau idaztea. Eskerrak zutabegintzan ere aritu zen, ulertuko ahal nau dagoen tokian egonda ere.
Berak ez du hau dena inoiz jakingo, besteak beste, haren eskuetatik pasatu baikara hamaika ikasle, eta ehunka eskutatik pasatu baitira haren liburuak. Beraz, zutabegile partikular hau bat gehiago da haren jarraitzaileen artean. Hain zuzen, bada gauza bat aldiro harritzen nauena. Bera aipatzen duten artikuluak irakurtzen ditudanean, ekitaldi feminista batean haren izena esaten dutenean edo doktore tesi baten irakurketan hari erreferentzia egiten dioten bakoitzean pentsatzen dut askotariko gaietan eta askotariko fronteetan izan dela aitzindari eta erreferente. Alegia, askok dugula gure memoria ibilbide partikularra harekin. Non aditu zenuten aurrenekoz? Non ikusi edo irakurri? Zeini entzun zenioten haren izena ahoskatzen? Nor haren lana loriatzen? Teresa del Valle, antropologia eta ikerketa feministentzako ezinbesteko bide urratzailea. Duela bi egun utzi gaitu, baina eskerrak distantzia luzeagoan geundenok badugun harengana iristeko zubia, haren inguruan hazi eta errotu diren beste hamaika antropologo feministari esker.