Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Teo Nahinon

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Suak hartzen ninduen garai batean. Udal aldizkariak postontzietan agertzen hasi zirelarik, ez zen azeria izan beharrik orri haiek zer helburu zuten ohartzeko. Nahikoa zen begirada azkar bat. Eta hala nabil orduan, argazkiak zenbatzen lehenbizi, gero betikoak zenbatetan agertzen diren ikusteko. Eta han daude, hamarretik hamaikatan, igerileku berria inauguratzen ez bada zaharretxean irribarretsu, alpakazko plaka grabatuak banatzen. Xanoa ni: udal aldizkariak ez ziren ezeren berri emateko, agintean zeudenen promozio etengaberako baizik. Diru publikoa betikoen larderiazko betikotze funtzioan. Amorratuko ez nintzen ba. NODO hurregi genuen konparaziorik ez egiteko.

Gainera, dena monokromoa zen harako hartan, boteregune nagusietatik aparteko antolaketan, beste bat zen jende xehearekin komunikatzeko modua. Kaudillismotik urrun, masa zen figura nagusi. Novecentok ezagun egin zuen Pellizza da Volpedoren afixan bezala, kolektiboak ziren irudiak. Hauteskunde kanpainetan ere, ezinbestekoa zen pertsonalizazioari ihes egite hori. Ideologiarekin batera zetorren irudien trataera: inor ez inoren gainetik.

Eskuin eta ezker, badira urteak komunikazio praktikak bateratu direna. Ez da beste aukerarik, nonbait. Orduko haiekNODOtik nola, hala ikasi dute hainbeste kritikatzen genituen haiengandik besteek. Hain ondo ikasi ere, non ezinbesteko bihurtu den ez soilik lorpen instituzionalen promozioan agertzea; sare sozialei esker, hor ditugu gau eta egun bestelako zereginetan ere. Finalen batean ez bada, mendi gailurren batean da, ukabila altxatuta, edota, nola ez, norbaiten aldeko zein zerbaiten kontrako edozein manifestaziotan. Hori bai, kamera egoki paratuta beti. Norbera lehen planoan, apain, irribarretsu, protagonista; masa atzean, lauso, desenfokatu, baina dekoratu ezinbesteko.

Izan ere, nor dago lerdo-usaina zabaltzeko hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.