Zuri-zuriak dira zigarroak, baina tabako beltzez beteak. Herencia pakete batetik ateratzen ditu, banaka-banaka, bata bestearen atzetik. Gero, ezpainen eta bibote horiztatuaren artean ibiltzen ditu, jostalari. Tarteka zurrupadak ematen dizkio Kas Limoi latari. Betaurrekoen atzean, txiki-txiki ageri zaizkio begiak, nekatuta, ahotik darion hizketaldiaren jarioari jarraitu ezinik balego bezala.
Paco Ignacio Taibo II.a da, Mexikoko Fondo de Cultura Económica erakundeko —«munduko ezkerreko transnazional bakarreko»— zuzendaria. Asteon ezagutu duzu, Euskal Herrira bisitan etorri delako, Editargik, Nafarroako Argitaletxe Independenteen Elkarteak gonbidatuta. Txalapartaren egoitzan aritu da hizlari; bertan orain 30 urte hasi zen liburuak publikatzen. Idazlea ere bai baita, eta historialaria, eta aktibista, eta editorea. Baina munduko argitaletxe publiko handiena zuzentzea dagokio orain, horretarako propio deitu ziolako behin Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidente zenak, eta kargua berretsi diolako oraingo agintariak, Claudia Sheinbaumek.
Mila langiletik gorako egitura publikoa da zuzentzen duena, liburuaren kate osoa hartzen duena, argitaratu, banatu, saldu. Irakurketa sustatzea eta kultura herri xehearengana eramatea jarri dute lehentasuntzat. Prezioak jaitsi dituzte —argitaletxe multinazional handiei aurre eginez—, liburu denda mugikorrak eraman dituzte Mexikoko bazter ahaztuenetara, eta irakurketa klubak antolatu dituzte. Azken horretarako, jubilatutako maistra ezkertiarrak eskatu zituen. «Beharrezko hiru gauzak zituzten: ezkertiarrak ziren, ikuspegi pedagogikoa zuten, eta denbora libre asko». Halako 500 aurkitu omen zituzten Oaxacan bakarrik. 22.000 klub izatera iritsi dira Mexiko osoan.
Kontsumitu ahala, lurrera botatzen ditu zigarroak, eta pentsatzen duzu ez dela ke hutsa parean duzun gizon horren iraultzarekiko fedea, eta nola laguntzen duen estatu propio bat izateak, kultura eta aberastasuna gero eta jende gehiagorengana eramateko.