Josebe Iturrioz.
Larrepetit

Tahrir, Iruñea

2013ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ez dakit aukerarik izan duzuen Tahrir plazan gertatutakoaren irudiak ikusteko. Emakumezkoei nola erasotzen dieten ikusten diren irudi horietaz ari naiz. Gogorra da iraultzaren plazan hori ikustea.

Horrelako gauzak ikusten ditudanean, mina sentitzen dut, benetazkoa. Bizitzan pairatu ditudan indarkeriak, guztiak, nire gorputza zeharkatzen dute, beste behin.

Ikusi dituzue basapiztia bilakatutako gizon horiek emakumezkoei erasotzen? Taldetan antolatzen dira, batzuetan ehun gizon batera. Emakumezko bat bakartzen dute, taldean inguratzen, eta geruzetan antolatzen dira. Lehenengo eskuadroiak emakumea jipoitzen du, lurrera botatzen du, eta bortxatzen du. Beste geruzek, bortxaketa kolektiboa inguratuz, estaltzen dute. Gizon harresi batek bortxaketa kolektiboa ahalbidetzen du, pertsonaz beteriko Iraultzaren plazan.

Irudiak ikustea gogorra da, baina gogorragoa da iraultzaren izenean emakumezkoak horrela bortxatzea. Irudiek jota utzi ninduten, horregatik, ihes egin nuen sanferminetara; ikurrina, Poliziaren jipoiak, baina, gutxienez, giro alaia. Sare sozialetan murgildu bezain pronto, sanferminen beste aurpegia ere ikusi nuen. Gizonez beteriko beste plaza bat; oraingoan, ez da iraultzaren izenean, parrandaren izenean baizik. Irudiek, dozenaka besoerakusten dizkigute emakumezkoen titiak ukitzen, arropak kentzen, kamisetak altxaten, galtzak jaisten. Berriro ere, basapiztia itxura hartzen diet.

Askorentzat, errazagoa da Kairoko indarkeria matxista identifikatzea, sanferminetan gertatzen dena baino. Hori pentsatzen nuen bitartean, Nagore Laffage ere etorri zitzaidan burura. Beldurgarria da emakumezkoei iraultzaren edo parrandaren izenean egiten digutena.

Hori dela eta, burura etortzen zaidan gauza bakarra hurrengo leloa da: «Autodefentsa feminista, da bide bakarra!». Ez gaitu inork salbatuko, ez, behintzat, plazetan iraultza eta parranda egiten duten basapiztia horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.