Ander Perez Argote

Sutan

2025eko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Maitasun edo laguntasun harreman bat ezin dela errentagarritasun terminoetan neurtu irakurri diozu liburu-dendara iritsi zaizuen Mapa de soledades liburuaren egileari elkarrizketa batean, eta, berehala, nabigatzailearen pestaina aldatuta, Iruñeko planetarioa ikusi duzu sutan. Bezperan, Noaingo etxebizitza bloke bat izan zen su hartu zuena. Pixka bat lehentxeago, Kaliforniako bazter ugari. 

Hasierako pestainara itzuli zara, idazlea ekonomiaz ari dela ziurtatzeko. Pentsatu duzu, bestela, ez litzatekeela hain arraro harreman bat errentagarritasunaren arabera baloratzea, harreman bat —barka erromantizismoa kentzea— beti dela balantze ariketa bat, ekartzen dituen onuren eta suposatzen dituen kalteen arteko emaitza. Me renta, diote Hegoaldeko gazteek komeni zaienaz aritzeko, eta ez dabiltza preseski termino ekonomikoetan. Baina, hala balitz ere, norbaitekin lotzea aldagai ekonomikoetan (ere) planteatuko lukeenik balego, edota, bestela, arrazoi ekonomikoengatik harreman bat uztera ausartzen ez denik balego (eta badago), pentsatu duzu errua ez litzatekeela haiena, besterako aukerarik ematen ez duen sistema ekonomiko basati batena baizik. 

Bada are modu ankerrago bat harremanak errentagarritasunaren arabera eraikitzeko, azkenaldian Herrialde Katalanetako polizia infiltratuen kasuan ikusi bezala.3Cat-ek eta Directa-k ekoitzitako Infiltrats erreportajea ikusi eta oilo-ipurdia jarri zaizu mutil batek bere bikotekideari harrapatu duela eta polizia dela deskubritu duela esaten dion eszena ikustean. Harreman afektiboak, intimitatea, maitasuna eta konfiantza metodo gisara erabili dituzte poliziek gizarte mugimenduen informazioa eskuratzeko. Pertsona eta antolakunde jazarriek tortura kasua dela salatu dute, asmo politiko batekin pertsonen bizitzak erabili eta integritatea urratzeagatik. Eta zuk pentsatu duzu kaleek hartu beharko luketela su, eta ez planetarioek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.