Lehen elurtearekin batera bidali dit argazkia Joon Kim adiskideak. Hala ikasi dut nun esaten diotela koreeraz elurrari, eta hitz bera darabiltela begia esateko. Eta nola bereizten dituzue, tonuagatik? Ez, testuinguruagatik, argitu dit. Eta nik neure bostean: gurean esentzia bezala orduan.
Gurean, modernitateak leziatuta, esan-indar negatiboz zamatu dugu esentzia hitza. Ez dago esentzialista baino gauza taliban eta itsuagorik. Baina hara non esentzia darabilen Bilboko Arte Ederren Museoak Juan Luis Goenagaren erakusketaren promozioan. Esentzia Alkiza da, basoak, sustraiak, Bilbotik haraindiko paisaia, industrializazioak lorrintzea lortu ez duen locus bezagaitza. Eta hala, testuinguruak diosku nola ulertu behar dugun esentzia, Txomin Agirre den ala Goenaga.
Ez da baina, kasualitatea, Petronorrek babestea erakusketa. Oraintxe sei urte, Goenagaren biografia argitaratu zuen Petronorrek berak, zer eta multinazionalaren 50. urteurrena ospatzeko. Eta egia, aukera-aukeran datorkio Alkiza hamaika isurketa kutsagarriren orbana arazteko, ezin egokiago basoak baimenik gabe eraikitako koke-labeen kontrako salaketa zuritzeko. Zer irudi hoberik Goenagaren sustraiak baino, energia-enpresei zergak igotzeko asmoa dagoela jakinarazi orduko, bertarako inbertsioak eten eta Portugalera doala ihesi mehatxu egiten duenarentzat.
Ez da oraingoa enpresek eta erakundeek asmo utilitarista hutsez erabiltzea sortzailea eta haren obra. Edozein sari instituzional dela aitzakia, haren begirada kritikoa goraipatuko dute gero publikoaren txalo artean. Horra zertan den ospearen joko-arau sinbiotikoa.
Esan behar diot Jooni, hemen, kafeari Baque esaten diogula, eta sustraiei, Petronor.