Larrepetit

Supiztaileak

2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Suak itzaltzearen lanbideak meritu handia du. Nola jokatu jakitea, ausardia eta egoera fisiko onean egotea eskatzen duen lanbideetako bat, zalantzarik gabe. Lehendabiziko biak badituzte New Yorkekoekere. Batzuei ikusten zaizkien tripa zakuei begiratuta, hirugarrena ez denek.

Hala ere, suak itzali itzaltzen dituzte. Baina baita makina bat piztu ere: Hollywoodeko aktorebatek baino gehiagok nahiko luke hiri honetako suhiltzaile batzuei darien izarren distira. Ez daukate heroiaren paperean sartu beharrik. Heroiak dira, eta hala sentitzen dira.

Ohikoa da, hirian barrena dauzkaten postuetan, bisitariak erretratuak ateratzeko gogoa piztuta sentitzea. Kolore gorriko kamioi zalapartatsuaren aurrean jarri eta, klik eta klik, irribarre zuri eta politeko suhiltzailearekin ateratakoa Facebooken zintzilikatzeko primerakoa izango da.

Handia izatean beraiek bezalakoa izatea gustatuko litzaiokeen umearengan ilusioaren txinparta sortzen dute, eta hura kamioira igotzen badute, ilusioa nahi bilakatzen da.

Ibilgailuetan jarrita dauzkaten bandera estatubatuarrekin abertzaletasunaren sugarra lau haizetara zabaltzen dute. Nola gainera!

Pasaeran, hiritar askoren tinpanoak sutan jartzen dituzte beraien sirena eta bozina soinu ez batere osasuntsuekin. Baina laguntza jaso duenarengandik esker on sutsuak jasotzen dituztela jakiteak kexuak itzaltzen ditu.

Merkataritza negozioaren kea ere urrutitik ikusteko modukoa da:NYFD (New York Fire Department) jartzen duten produktuak kontu korronte batzuk ederki berotzen ari dira.

Eta gero, nola ez, sexuarena dago: gizon eta emakume batzuengan gorputz uniformedun horiek, edo uniformerik gabeko gorputzek, pizten duten sexu desioa, morboa.

Nago, mundu osoko suhiltzaileek hauek adina su, edo gehiago, itzaliko dituztela. Baina piztu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.