Goizalde Landabaso

Sumisioa eta intsumisioa

2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun

Nik ez dut inoiz ere entzun Kanye West-en kanturik. Ez zait interesatzen. Badakit Kim Kardasianen bikotekidea izan zela, eta toki askotan agertzen zirela elkarrekin; zelan ez jakin! Hala ere, ez ditut euren bizitzak gehiegi jarraitu. Ez didate ezelango morborik eman/ematen. Bianca Censori, joan den astera arte, existitzen zenik ere ez nekien. Orain, ordea, badakit Kanye West bikotekide duela Bianca Censorik. Grammy sarietako alfonbra gorrira agertu ziren biak. The Wire-n agertzen ziren pertsonaietako bat balitz bezala azaldu zen gizona, beltzez jantzita goitik behera. Bianca Censorik, aldiz, beroki beltza zeraman eta gizonak agindua eman zionean berokia askatu, eta larru gorritan geratu zen. Zorroztasunez hitz egin dezagun: soineko labur eta gardena zeraman gorputzari itsatsita eta biluztasuna erabatekoa zen. West-ek emakumea erakusten zuen bere eskua ipurmasailean kokatuz bere-berea zen jabetza erakusteko. Honaino heltzen dira Bermioko itoginak. Hori esaten irudikatu nuen indignazioa orduko. Bideoan nabarmen gelditzen dira Bianca Censoriren ezinegona eta deserosotasuna. Eskuak non kokatu ez daki, zelan ezarri gorputza argazkilari eta kameren aurrean agertzerakoan. Beldurrez begiratzen dio West-i eta agindu zain bezala dago, hark zer esan honek betetzeko. Sumisioa erabatekoa da. 

Ni Jane Austenegaz gogoratu naiz. Ez dator kontura, agian, baina bere jaiotzaren 250. urteurrena izango da laster, eta kontu honekin zer eleberri idatziko zukeen pentsatu dut, horrela, kolpean. Biancaren patua erabateko suntsiketa ala liberazioa izango da? Zenbat etsiko du menpeko, eta noiz arte? Eta jabetu naiz liburu hau aspaldi irakurria dudala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.