Larrepetit

Sumindua

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Asaldatuta dago. Albisteak entzuten dituen bakoitzean ikusten du nola doazen maldan behera urtetan lortu diren aurrerapen sozialak. Gero eta garbiago hautematen du zer gertatzen ari den gizarteak azken hamarkadatan eskuratu dituen eskubideekin.

Batzuetan sentitzen du nola etortzen zaion haserrea bizi-bizi. Gazteek lanean jasan behar dituzten bidegabekeriak ezagutzen dituenean. Langabeziaren tasaren igoera iragartzen dutenean. Gasa, elektrizitatea eta oinarrizko beste produktuen prezioa gero eta gorago doazela egiaztatzen duenean. Osasun eta hezkuntza publikoan pixkanaka baina etengabe egiten dituzten murrizketak jakiten dituenean. Krisiaren hasieran milioika euro jaso zituzten banketxeetako goi kargudunen irabaziak handituz doazela entzuten duenean.

Besteetan beldurrak asaldatzen du. Baina beldurrari aurre hartzen dio suminak. Gertatzen ari dena ez delako zeruak bidalitako ekaitz bat. Ez da lurraren erraietatik sortutako tsunami bat. Ez da halabeharra. Izen eta abizena duten hainbatek sortu eta elikatzen dute egoera. Horietako batzuk egunero ikusten ditu komunikabideetan... eta kalean ere bai. Krisiaren erantzuleek aurpegia dute. Errudunak ez dira bera bezalako herritarrak. Erru bakarra, izatekotan, pobrea zela ahaztea izan da. Garbi gogorarazi diote orain agintean daudenek:bere ahalmenen gainetik bizi izan da.

Badaki zerbait egin behar duela. Are gehiago, zerbait egin nahi du. Helburu jakinera bideratutako jokabide bat. Boteretik datorren kontzientziak baretzeko estrategiaren menpean erori gabe, asaldatuta egoteko arrazoiak presente izan nahi ditu. Jarrera mantendu. Baina ezin da suminduta bizi, bera ez dago bizitzarekin haserre eta badaki gaitzitua bizitzeak ez diola onik ekarriko.

Erabaki du. Sumindua eta alai. Hara hor erronka. Egun batzuez goizero pentsatuko du horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.