Sumendia da, baina ez da Fuego deitzen. Bitxia da Monique Pinçon-Charlotek eragiten duena: begiak argi, ezpainak naro, aski du hizketan hastea kea ikus dezagun kraterrean, lurra lehertzen, harriak airean eta laba goria mendi hegalean behera. Eta bitxia da sumendiak ez diolako, behingoz, gutxien dutenei erasotzen, eta lasai ageri delako, hondartza bat euripean bezain. Esaten dituenak, baina, urduritasuna eragiten dute, eta azaldu ezin den ikara bakar batzuengan.
«Oligarkek fronte guztietan jotzen dute: ekonomian, lehengaien merkatuetan edota klima aldaketaren gaineko finantza-espekulazioan. Ez dute deus nahi euren kontroletik kanpo. Dauden arma guztiak darabiltzate horretarako, era guztietako armak herri xehearen kontra ekiteko. Baina egun ez dira kanoiak edo metrailetak, arma finantzarioak baizik, eta ideologikoak. Ohartu nola darabilen hizkuntza, orain ez da langilerik, pobreek hartu dute haien tokia, eta pobreak arazo dira, zama soziala, aldagai bai enpresa-kontuen doiketan. Gizatasuna kendu nahi diote herri xeheari».
Elitea du jopuntuan, eta soziologoa den heinean, datuak ditu adierazpenen oinarrian: munduan, 85 pertsonaren artean populazioaren erdiaren bezainbeste baliabide dute; Frantzian, diputatuen %3 soilik da obrero edo enplegatu.
«Eta hala bahitu dute politika. Ardura handia dute legeak egiteko, nola ez dute izango horixe badute bidea interes komuna interes partikular bihurtzeko. Horregatik agertzen dira behin eta berriz euren manupeko hedabideetan. Eta horrexegatik ez dut nik ustelkeria hitza maite. Arpilaketa da, eta krimena. Ez dira ustelak, herri xehearen lepotik aberasten ari den jende larderiatsua baizik».
Eta neure burua harrapatu dut eguneroko ibilian gatibu, egitateen aurrean mira eginda. Edertasun berezia du gordintasunak. Pertsona orok behar luke eskubidea sumendi bat ikusteko, bizitzan behin gutxienez.
LARREPETIT
Sumendia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu