Blanca Urgell

Suarekin jolasean

2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Urtero bezala, ikasleen emaitzak jarri, espedientera bidali, egun bat edo bi igaro, alegia deus ez, eta dzast! habemus sukarra.

Sukarrarekin burua ideia finkoetan gelditzen zait jira-biraka, erdiak amets eta eldarnio. Sukarra... su eta garra. Eta zergatik k hori?

Ohea utzi beharko EHHEn begiratzeko. Hara! Sukarra ez da su eta garra, uste bezala, sukartu-ren atzeranzko eratorria baizik. Atzeranzko eratorrietan hiztunek arauak atzekoz aurrera ipintzen dituzte oharkabean: argituargi-tik datorrenez, eta sakondusakon-etik, sukartusukar-etik datorrela erabaki zuten. Horrela, oinarri berriak sortzen dira, aditza baino lehenago ez zirenak. Izan ere, ezinezkoa da sukar lehenengoa izatea, Mitxelenaren iritzian sukartusu(a)k + hartu bide baita, lokartu bezalaxe.

Aldiz, sukalde ezin da ergatiboz azaldu: ziurrenik *sute-alde > sutalde da lehen forma. Sutalde ez da asmazio bat: Mikoletaren solasetan Alonso otseinak «Jauna, ura lei eginik dago jarroan» diotsa Peru ugazabari, eta honek erantzun: «Urtu egizu sutaldean», non sutalde ez den, noski, gure oraingo plaka horietakoren bat, ez eta lehenagoko ekonomikoa ere, erdarazko bertsioaren arabera ‘su-ontzia’ baizik.

Su bera ere misteriotsua da, aitzineuskararen erroa CVC zela uste badugu, Lakarraren teoriarekin bat. Euskaldun askok darabilgun surtan formatik *sur atera liteke, behar bezalako CVC bat, alegia. Alta, EHHEk nahiago du *sun proposatu, bai baitira bestela ezin azal litezkeen sumats ‘suhatsa’ eta sunbil ‘subila’ sudurkaridunak, bai eta Sancho eta Miguel Sunberria artaxoarrek 1330ean idatziz jasoak izan zirenean oparitutakoa ere.

Eibarren «Suarekin jolasa, arrisku demasa» omen diote (Garate). Ba horixe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.