Kitto udaberria Springfielden. Burns Jaunak kontuak egin eta, emaitzei aski iritzita, zerobidertzeko esan dio Homerri. Perra ditzala bizikletak gura badu Green Capitalean baina Springfieldenak egin duela, ez direla gehiago bilduko garagardotara eta, bidenabar, kontua ordaintzeke duela Moerenean. Bereziki Simpsonzaleak ez direnen jakingarri (neu bat), Burns jauna Springfieldi jaten ematen dion Zentral Nuklearraren ugazaba da, Garoñako jaun erretore halako bat.
Bada, fini-zorian dela hiru urtetik gora luzatu den telezaila.This is the end, aixkiriak , kantatzen ei die Jim Morrisonek harrei Pere-Lacahaisen. Homerrek, ostera, udakoak behintzat, Gasteizen egingo dituela dirudi, Portugaleteko etxean aire giroturik ez-eta. Parisek meza bat merezi badu, mereziko ez du, bada, Bituriek abuztu bat!
Mudantza sasoia izan udagoiena eta nago beharko dituela pare bat fragoneta Bart, Lisa (eta haren saxofoia), Maggie, koinatu-koinatak eta enparauak Altubez bestalderatzeko. Ugariak baitira Simpsondarrak. Are, pantailan ageri ez diren askok ere Homerren hozkailutik bete behar dute zakua. Etxerik barik hozkailurik ez ordea, eta zakua beti hor, eta… Buruhauste lar Homer.
Gidoilariak. Gidoilariak dira beti errudunak eta oraingo honetan ere eurena izango da zure tragediaren arrakasta. Ezin ukatu pertsonaia nagusiek eman ez dutenean bigarren mailakoak ondo landu dituztela: jeniala batuta sartu eta anitz aterako den bakartiarena; itzela ea zer pasako joan eta nagusitzeko aukerekin irtengo den bestearena; zer esan Daltondarren moduan agertu ziren laukiez? Txikia bakarrik utzita joan ez dira, bada!
Azkeneko atala ikusteko amorratzen nago. Jakin dudanez, Homerrek urteotan euskaraz burubiderik egin ez eta,behinolako On Karlos hark Dantxarinean legez, Gorbeialderantz doala, «Volveré!» esango ei du azkeneko kapituluan. Latorrizko barre algara onbatzuen bila ei dabiltza produkziokoak.
Larrepetit
Springfield
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu