Berlingo XX. mendearen hondarreko topikoetako bat zen: hiriak desberdin usaintzen zuen ekialdean eta mendebaldean. Zorionez, usaina desberdina zela esaten zutenak ez ziren metafora adabegitsu bat erabiltzen ari. Esan nahi zutena zen arropek, gorputzek, oihalek eta larruek zuten usaina desberdina zela batean eta bestean: erabiltzen ziren ehunengatik, garbigarriengatik, xanpuengatik, eskuetarako xaboiengatik.
Berriki, Karl Schlögel historialari alemanak duela urte batzuk lurrinei buruz idatzitako liburu bat eraman dute gaztelerara (Der Duft der Imperien). Bertan azaltzen du —nahiz eta ez duen aipatzen— Susan Buck-Morssen hipotesi hura —sozialismo erreala eta kapitalismo parlamentarioa ilustrazioaren alabak zirela— usainaren industriara aplikatua. 1913an, romanovtarrentzat Ernest Beaux eta Auguste Michel lurringile frantsesak ari ziren lanean Moskun. Historiak bananduko zituen eta, ondorioz, batak Chanel 5. zkia (Chanel Nº 5) sortuko zuen, eta besteak Mosku Gorria (Krasnaia Moskva). Lehena Coco Chanel faxistak zabalduko zuen eta, bigarrena, hasiera batean, Ivanova Uvarova boltxebikeak berreskuratuko zuen (Leninen bidez).
1917ko iraultzaren osteko Errusiako gerra zibilean, sobietar xaboi eta lurrinak ezinbestekoak izan ziren armada gorriarentzat, sarritan nekazariei elikagaiekin trukatzen zizkietelako. Handik urte batzuetara, Krasnaia Moskva zabaldu zenean, SESBeko kosmetikoen eta lurrinen industriako herri komisarioa Polina Zhemtxuzhina zen, Viatxeslav Molotoven emaztea. Garai hartan, SESBen milaka langile zeuzkan sektore hark (1926an TeZhe trustak 6.120 langile zeuzkan hamaika enpresatan). Baina 1940ko hamarkadaren amaieran, Lidia Txukovskaiak Urpean murgildu-n eszenaratzen duen olatu antisemita zabaldu zen SESBen, eta bost urtez Zhemtxuzhina judua esparruetara deportatu zuten, han ezagutu zuen «esparruetako usaina». Nazien aldamenean egondako Coco Chanel Parisko erregina izango zen 1950etik aurrera.
Bitxiena da bi mundu proiektu antagonikok nola izan zuten usain gorentzat oso antzekoa zen lurrin bat.