Larrepetit

Sol

UXUE APAOLAZA
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Uste nuen hauteskundeetako emaitzak ez zitzaizkidala inportako, edo Eurovisioneko emaitzen neurrian, aurten izan bainuen hain gogaikarri hasi zen kanpainan zehar nahikoa emozio; hala ere, Madrileko nire etxean kikildurik amaitu nuen gaua bandera urdinek Espainiako mapa nola hartzen zuten begira, kotxe garestietatik gorputz erdia aterata eskuinaren garaipena ospatzen zuten gazteen irudiekin izuturik; Espainia gero eta ezkertiarrago, PPk irabazten du, eta eskuindartasunetik harago doazen PPren atzerakoikeriez nazkatzean, PSOEk, gutxienez eskuin ekonomikora gehiago mugatzen denez.

Euskal Herrian Bilduren emaitzek debekuek dakarten injustiziaren tamaina eman dute, baina beldurtzen nau urdintasun hori Moncloara behar baino azkarrago iritsiko balitz gerta daitekeenak. Azken finean, ez dakit PSOEren inteligentziaz fida daitekeen bat, en bandeja eskaintzen zaion bake prozesua amaitzera jarriko denaz. Baina horrek guztiak hain zaharra dirudi, hain oraindik gure gurasoena.

Aurten, baina, urte askotarako balioko didan zerbait gertatu da, Soletik bazter guztietara hedatu den bokazio berri bat; «Zer eskatzen dute?» eta «hori guk lehenago esan genuen» horien ulermenetik harago dirudienez, soziologo eta historialariak adi jarri behar lituzkeen herri bat sortu da. Ideiak etxetik ekarri dituzte, baina abangoardista ohiaren sindromeak jota dabiltzanen neurrian entzun zaie orain arte beraiei ere, eta nik gertatu ezin zela uste nuen zerbait egin dute nire zinismoa irrigarritu duena; egoismoaren ordez eskuzabaltasuna aurresuposatzen duen sistema batean bizi izan dira astebetez, lider gabe, poliziarik gabe, kolektibitatean, milaka, eztabaidatu behar duten programa ere proposatzen ez dien lider alfarik gabe, ikasteko gosez, estetika eta hizkuntza berriz. Aldarrikapena piruletak denontzat balitz ere, lezioa emana dago, ea norbaitek ikasi nahi duen, edo hobeto gauden etiketa eta hierarkia zaharren abaroan, helburuari begira, bideari beharrean, ez baikara aldarrikatzen duguna, egiten duguna baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.