«Badakit ez naizela sekula etxera itzuliko». The Bourne Identity pelikula gogorarazten du. The Net ere bai. Batetik bestera dabil Edward Snowden. Ihesi. AEBetako segurtasun agenteak orpoz orpo dituela. Gobernuaren ezkutuko espioitza programa bat ezagutarazi duelako. Ematen du ihesbiderik ez duela. Herrialderen batek emango al dio aterpea? Txinak ez. Errusiak ere ez. Ondo bukatuko da filma?
Espiatu egiten gaituzte. Obamak berak aitortu du. Atentatuak ekiditeko egiten dutela. Ezinezkoa dela pribatutasuna eta segurtasuna, biak aldi berean izatea. Eta estatu batuar gehienak konforme: «Ezkutatzeko ezer ez duenak ez dauka kezkatu beharrik».
Lehendik ere susmatzen genuen. Hori diote askok: bagenekien. Orain frogatu egin da. Baina konturatzen al ginen kontrola hainbestekoa zela? Nire lagun bati obsesionatuta zegoela esaten zioten ba. Naomi Kleinen bideo bat bidali nahi zuen. Youtubeko bideo bat, kapitalismoaren kontrakoa. Yahooko posta zerbitzutik. Baina jaso behar zuenari ez zitzaion iristen. Zentsura aipatzen zuen nire lagunak. Eta batzuek harriduraz begiratzen zioten. Paranoikoa balitz bezala.
Auskalo zertzuk egiten dituzten, segurtasunaren izenean. Askatasunaren aurkako atentatu sekretuak. Lan ona egin dute 2007tik hona. Ez da harritzekoa, horretan urtean 20 milioi dolar xahutu badituzte.
Ez daukat ezkutatzeko ezer. Baina kezkatuta nago. Zer egin dezaket? Uso mezulariak erabiltzen hasi. Erdi Aroan bezala. Bestela, betiko eskutitzak erabiliko ditut, paperezkoak. Sobrea ondo itxita. Interneteko beste aukera batzuk ere baliatu ditzaket; kontrolpean ez daudenak, ustez behintzat (prism-break.org). Edo bestela, kodeak asma ditzakegu, kontrolatuta daudela dakigun bitartekoetan erabiltzeko. Edo euskalkian idatzi: zenbat eta itxiagoa, hobeto.
Larrepetit
Snowden kasua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu