Hedoi Etxarte

Sionismoa eta apokalipsia

2024ko irailaren 21a
05:00
Entzun

Israelgo Estatuaren fundazioa denboran gertu dagoelako daukagu haren eguneroko basakeriaren kontzientzia. Zutabe hau idazten ari naizela irakurri dut, asteon Libano hegoaldean ustez Hezbollah erakunde islamista antikolonialaren aurka egindako operazioan milaka zibil zauritzeaz gain, ekintzaile armatuez gain jende xehea hil dutela eta tartean bost haur.

Sionismoa hori da, haurrak laurdenkatzen dituen erregimen kolonial bat, inperialismoaren aldaera guztiak erabiltzen dituena, bertakoa ezabatuz, erbestea eta heriotza eskainiz. Halako batean, aspaldiko liburu bat gurutzatu zait, duela urtebete Israelekin lotuko ez nuena baina oso lotua dagoena. Bertan Derridak azaltzen du, gerra oro dela, berez, apokaliptikoa, hil egiten duen neurrian. Alegia, banakako heriotza apokaliptikoa dela. Gerra arruntaren kasuan, gerraren eta bakearen arteko aldea ez da hain nabarmena: «Gizakia hilkorra da bai gerran ala bake garaietan». Horregatik, gerra atomikoarenganako beldurra ez da, inondik ere, heriotzarekiko beldur soil bat, «museoak suntsitzearen beldurra da, liburutegiak suntsitzearena eta, oro har, sortu, idatzi, margotu dena suntsitzearen beldurra da». Derridaren aburuz egungo intelektualek transzendentzian, hilezkortasun sozialean eta historikoan fedea galdu dute. Gerra atomikoak liburutegiak eta museoak suntsitzeko gaitasuna du eta horrek «egungo pentsamoldea izuarazten du», ez bizitza suntsituko duelako, baizik eta hilezkortasun soziala bera suntsitzen duelako.

Boris Groysen sintesi lan batean aurkitu nituen oharrok. Groysek azaltzen du «mundu ilustratuko hiri nagusietako museoen eraikuntzak baina baita artxibategiek, parke nazionalek, arkitektura monumentuek, gune ekologiko babestuek eta planeta osoa apurka museo bilakatzeko bideak ere» izu horrekin dutela lotura. 

Horregatik, oso adierazgarria da Derridaren deiadarra: «Apokalipsiaren erreferente erreal bakarra erabateko katastrofe atomikoa litzateke, itzulezina den molde batean suntsi dezakeelako artxibategi osoa eta haren gaitasun sinbolikoa, bizitzaren bihotzeko 'bizirautea' bera». 

Teknologia nuklearrik gabe, gerra arruntaren koordenatuetan ari da mundua suntsitzen Israel, Palestinako liburutegiak, museoak eta arkeologia suntsitzen zazpi hamarkada guztion aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.