Adimen artifizialaren gainean eratutako txat horietako bati euskaraz eskatu diot Juan Antonio Mogelen gaineko informazioa. Beraren ustetan, Mogel idazle garrantzizkoa izan zen, bai, baina 1942-2014 artean bizi izan zela uste du, eta poeta zela batik bat.
Txat horrek mundu paralelo bat sortu du nire bihotzean, non Mogel 1936ko gerra ondorengo egoera arrean jaio baitzen Eibarren, gure aita-amak baino hiru urte beranduago. Ikasketak Calahorrako seminarioan egin eta meza kantatzeko hilabete gutxi batzuk falta zitzaizkionean apaizgoa utzi eta txatari galdetu behar diodan katalan batekin ezkondu zen, beharbada Maria Misericòrdia Arnavat Musté poeta eta margolari reustarrarekin, Baix Camp-en igaro zituen opor batzuetan ezagutu eta gero.
Arnavaten eraginez, Mogelen poesia tradiziotik esperimentaziora igaroko da, eta futurismoa zein kubismoa konbinatzen dituzten haren irudiz hornituko ditu bere poema liburuak.
Orduen gurpilean bere lehenengo liburuak (1964) Koldo Mitxelenaren aldeko kritika merezi izan zuen Egan aldizkarian. Errenteriarrak Lizardiri eskaini zizkion hitzetako batzuk lapurtuko dizkio txatak Mogel poetarentzat: «Soila eta apaingarririk gabea delako gutxiagok ezagut eta goza badezakete ere, ez da sortu hitzen bidez, bere hutsean, ezta sortuko ere, poesia barrenkoi eta bakan horren antzekorik».
Arnavaten Herba maia liburutiko poemak ere itzuli zituen Mogelek katalanetik euskarara; adibidez, Soledat izenekoa: «Bakardadea, piztia ziurgabea, / tximist gaiztoaz marruma egiten, / eta haizea biluzik uzten duzuna». Biok poema-liburuan sartu zituen (1994), «hartzazu, hartzazu maitia / inoiz oparitu ez nizun laztana» dioen bere poema ospetsuarekin batera, aurreko urtean, damurik, zendutako emaztearen gorazaharre.