Blanca Urgell

Sinesten dizut

2024ko ekainaren 5a
05:00
Entzun

Northern Exposure telesaila lehenengoz osoki ikusten ari naiz, 1990eko hamarkadako antzina hartan ale solteak baino ez bainituen harrapatzen tarteka. Atzokoan hileta-suaren aurrean Maggie O'Connell-ek poema bat irakurri eta gero Shelly-k dio berari buruz: «Ze ondo idazten duen». Bi eta bi lau dira. Poema onegia izan, Shellyk hori esan eta dudarik ez: ingeles hiztunentzat derrigor ezagutu beharrekoa zen. Norena eta, jakina, Shakespearerena, 116. sonetoa, «If this be error and upon me proved, / I never writ, nor no man ever loved» bukaeraduna.

Orain dena dago tekla gutxi batzuetako distantziara.

«Haatik, bizitzaren batuketak eta kenketak / egiteko ordua datorkigunean / soberan dakigula, milioi bat / egunsentitara egonda ere, guk nor / eta nork gu maitatu izana» irakurtzeak zertxobait gogoratu dit atzoko hura.

Kasualitaterik ez dago.

Esango nuke ez nuela sekula Patxi Ezkiagaren poesia irakurri. Aliritzira hautatu dudan bigarren liburuaren, Beldur naiz-en, erreseinan Iñaki Caminok 1986an zioenez —ahantzirik nituen aspaldiko gure noranahikotasun haiek—, badago poeta bat hor. Agian sekula irakurriko ez nukeen poeta bat, baina, haren kontra egin den pederastia —idatz dezadan hitza— salaketagatik ez balitz. Ni ez naiz epaile, ezta polizia ere, Josu Martinezek BERRIAko elkarrizketan esan duen bezala Mirandez. Eta, pertsona ala obra dikotomian, ni beti obraren alde.

«MAITE ZAITUT izeneko / lanbroaren alaba den / bihotzeko herrian».

Alabaina, atzo Gorka Bereziartuak salatu isiltasun jasangaitzaren aurrean iruditzen zait zerbait behintzat esan behar dudala. Marisol Zamorari esan behar diodala. Zer gutxiago, #sinistendizut baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.