Pi L. T. taldeak edozein herriko udako jaixetan Hil da jainkoa kantatzen zuen sasoia dut gogoan. Esango nuke orduan ez zegoela orain bezain hila. Pandemiak errematea egin dio, eta orain, armairutik kanpo dago hainbat fede ezberdin duen jendea. Sentsazioa da. Gure amak maiz esaten dit federen bat izan behar dudala, edozein, baina bizitzaren makurkeria gozatuko didan zerbait aurkitu behar dudala. Egia esan, egun, inoiz baino libreago sentitzen naiz fede hau edo bestean barneratzeko. Badut inguruan bizi dugun hau dena antzezkizun hutsa dela pentsatzen duen fededunik, eta azken asteotan maiz gogoratu naiz berarekin. Batik bat, lankide batek kontatu didanean berak ezagutu zuela pertsona bat «Matrixen bizi naiz eta badakit zein den benetako errealitatea», aitortu ziona. Aspertuta ote gaude gure fedebako bizitzekin eta helduleku espiritual berriak behar ote ditugu?
Entzungarriak iruditzen zaizkion podcastekin ondo ezagutzen nauen inguruko batek egiten du nirekin mugalariarena. Berak gomendatu zidan Simulakro entzutea. «Amaiera borobila dauka», esan zidan. The Truman Show film entzutetsu hartan bezala, hemen ere, mundu hau norbaitek sortutako simulazioa ez ote den planteatzen du, eta protagonista simulakrotik aterako duen atearen bila ari da hamar kapitulutan zehar. Nik, zinez, ez dut nahikoa argudiorik horrelako egitate bat ukatzeko. Ez da fede kontua; ez daukat argudiorik. Honetan ere agnostikoa naiz. Gidoilariak dira mundu hauek sortu dituztenak eta gure bizitzekin olgatzen dira, guk zinemagintzan eta literaturan edota osterantzeko sorkuntza lanetan egin bezala? Metasorkuntza honen aurrean gauza bakarra eskatuko nieke gidoilariei: ondo borobildu dezatela.